Metabloglogia
Zergatik idazten zuen galdetu zioten idazle bati eta “ez hiltzeko” erantzun omen zuen. Ez nuke nik jakingo zer erantzun, agian idazlea ez naizelako. Zergatik idazten dut, ordea? Zer dela eta sentitzen ditut tximeletak sabelean “publish post” sakatzeko orduan, nola edo hala ehun eta piku hitz elkartu ondoren?
Betidanik izan dut idazteko harra barruan, betidanik hontaz eta hartaz jarduteko beharra, zergatik ez dakidan arren. Idazle izatea, idazle izaera hartzea, ordea, gauza serioa iruditu zait beti; serioa, ulertu bedi, lanbide zail, nekoso eta agian eman ezin dudana eskatuko lidakeena. Baina, hara non, blogak aurkitu nituen eta lehenengoak irakurtzen hasi nintzenean barruko harra esnatu eta hasi zitzaidan matraka ematen. Ezagutzen duzue ondoren zer gertatzen den, zeure burua “loop” edo bukle batean harrapatuta ikusten duzula: -Eta neuk ere blog bat egingo banu....baina nori interesatuko zaio ba, nik idazten dudana...-Eta blog bat egingo banu...baina nori interesatuko...
Egun batean, baina, ikusten duzu oso erreza dela bloga egitea baita zu bezalako ziberpaletoentzat ere eta hortik aurrera barruko harrak ematen dizun txapa jasanezin bihurtzen da.
Ematen duzu saltoa.
Oraindik ere ez dakit zergatik nabilen hemen begitantziño hauek aireratzen baina lehengoan aurkitu nuen pista bat. Entzun adi:
“-Hori gustatzen zaio jendeari: kontu handiak entzutea.
-Hik uste?
-Nori interesatuko zaio nire moduko baten historia?
-Askori. Niri.”
Eta orain “publish post” sakatuko dut.
1 Comments:
Mordo bat gustatu zait zure bloga. Eta logurez akatzen nago!
Post a Comment
<< Home