Baga, biga, bloga!

Jozulinen begitantziñoak

2005-04-23

Alferrik gabiltza


Kotxean gindoazen orain dela “nik nahi baino urte gehio” eta kotxearen kasetean Miles Davis. Workin’ diskoaren lehen kanta: It never entered my mind, berez balada liluragarriaren bertsiorik zirraragarriena. Neu gidatzen nindoala, atzean lagun musikari bat zihoan eta, halako etsipenaz, esaten entzun nion: Alferrik ari gara, ez dugu sekulan sortuko hau baino doinu ederragorik; orduan, zertan gabiltza hainbeste musika, hainbeste entsaiatu eta hainbeste letxe? Zehatzagoa izanda, "arpelik gabiz" esan zuen "alferrik ari gara" beharrean, baina barkatuko dit berak lizentzia... Noan harira, baina.

Sarritan izan dut sentsazio hori; zeozer irakurri eta, “hau ezin leikek hobetu” pentsatzen duzu.

Edertasun konzentratuaren adibidetzat dut adibidez honakoa:

Cer ete da andra erdiaen çauria?

Sagar errea, eta ardoa gorria.

Alabaya, contrariomda Milia:

Azpian lur oça gañean arria.

MILIA LASTURKOREN ERESIA (XV-XVI)


Sagar errea, ardoa gorria; azpian lur hotza, gainean harria. Entzun duzue?

Lagun, ezagun edo hurbileko baten heriotzean, bestalde, burura etortzen zait euskal esaera zahar aldi berean eder eta krudelena, gutako bakoitzaren eta gu guztion bizitza zentzugabea gupida barik laburtzeko gai dena, errukirik gabe zer garen gogorarazten diguna: “Ugatzetan edana zerraldoetan isuri”.

Ganorazko zeozer gehiago esan daiteke bizitzaz?


3 Comments:

At 23 April, 2005 11:30, Blogger Patxi said...

Badira gauzak, osotasun batean baino ulertu ezin direnak. Sagar bat adibidez, edo zerua. Sagar bat. Zeru bat. Baina beste batzuk, Bat, bakarra ulertzeko joera txarra daukagu. Euskera, adibidez, edo bizitza.

Bizitzak ederretik asko du, eta txarretik ere bai. Proportzioa desberdina izan daiteke, pertsonaren arabera, baina bizitza hau edo bestea dala esatea, Bat, bakarra ulertuz, oso aukera malapartatua da, nere ustez.

Edertasun osoa bezela. Alajaina. Ez dugu sekulan sortuko hau baino doinu ederragorik. Orduan, zertarako entsaiatu eta hainbeste letxe?

Ba ondo pasatzeko!!! gutxi al da?

Eta edertasunari pusketa txikiak lapurtzeko.

Jozulin, posteatu dezakezu nahi dezun guztietan, zure mezu guztiak gustatzen zaizkit eta. Zertarako saiatu? Ba trapero bat pozik uzteko!

Porrejemplo.

 
At 23 April, 2005 12:09, Blogger jozulin said...

MIla milioi esker, Trapper!
Eskertzen dizut ikaragarri irakurtzea....eta zeure arrazoiak ere idaztea. Aurrera!

 
At 24 April, 2005 19:49, Anonymous Anonymous said...

Arrazoia dekozue eta dekonari emon egin behar!
Esker pila.

 

Post a Comment

<< Home