Baga, biga, bloga!

Jozulinen begitantziñoak

2005-04-26

Gaur pozik nago

Gaur pozik nago, eta ez da eguraldiagatik, ezpada gaur egunkarietan hauxe irakurri ahal izan dudalako:

Hizkuntz ereduen politika kolokan utzi du Jaurlaritzaren azterketak

eta

DBH amaitzean ikasleen %60k ez luke B2 nazioarteko mailako azterketarik gaindituko

eta

D eredukoen herenak ez luke gaindituko

eta

B ereduko herenak bakarrik gaindituko luke

eta

A ereduko inork ere ez luke gaindituko.

Argitze aldera, B2 maila hau euskaltegien 2. maila da, 8-9. urratsa. EGA baino askoz ere maila apalagoa.

Hala ere, esan dizuet, pozik nago. Pozik nago egunero ez dizutelako arrazoia ematen. Eta irudi nezake handiustea edo nahi duzuena baina nik esan nuen. Bere garaian, zegokionak irakurri ahal izan zuen. Ez nuen nik bakarrik esan, ez horixe, baina nik esan egin nuen eta idatzita geratu zen 2002ko azaroan hitzak haizeak eraman ez zitzan. Artikulua bidali nuen sustatu-ra, Euskaldunon Egunkaria-ra, Gara-ra, Deia-ra eta El Correo Español El Pueblo Vasco-ra. Aurreko hiruretan agertu zen, beste bietan ez, ahaztuko zitzaien edo...

Hauxe nioen, besteak beste:

“Euskara ikasi nahi duten helduak gero eta gutxiago dira, datuei erreparatu baino ez dugu egin behar horretaz jabetzeko. Zergatik, ordea? Kultura Sailburuak ba omen daki: “D” ereduan matrikulatutako umeak gero eta gehiago izanik, hezkuntza sistemak bermatzen du gizartearen euskalduntzea. Zenbat eta euskaldun gehiago ekoitzi eskoletatik, orduan eta gutxiagok joan behar izango dute euskaltegietara euskalduntzera. Pozgarria izango litzateke egia izango balitz. Benetan uste al du sailburu-euskaltzainak “D” ereduan ikasitako gazte guztiek (edo gehienek, behintzat) euskara maila ganorazkoa lortzen dutela? Eta “B” eredukoak? Eta “A” eredukoak?”

Baina pozik nago... Ez dakit harrapatzen duzuen nire ironia fina.




0 Comments:

Post a Comment

<< Home