Gaur barraketara, ze ondo!
Jaietan gaudela eta barraketara eraman gaituzte umeek zarata eta txurro usain artean paseatzera eta, bide batez, euro batzuk “inbertitzera”. Kasualitateak, izan, badirela genioen lehengoan eta -kasualitateak kasualitate- ikusi dut gaur kale nagusitik paseoan nerabezarotik irten berri, artean gazte eta berde ginela, kuadrila osoa maiteminduta gintuen L. Hogeita piku urte ikusi gabe, aspaldi baitzebilen herritik kanpo. Gozoa zen, ttikia zen, irribarre paregabekoa; gure printzesa zen. Bere inguruan gintuen denok tontakeriarik handiena nork egingo berak barre egin zezan, egin ziezagun. Batek – a ze inbiria genion- lortu zuen L.-rekin irteten hastea. Utzi zuten arte, L.-k utzi zuen arte. Bera baino nagusiagoa zen ertzain kabroi batekin joan zen arte(*). Susmatu genuen denok orduan ez zela zoriontsua izango. Ikusi dudanean nekez ezagutu dut, ez dauka begietan dizdirarik, puztuta moduan dago, zoriontasunetik urrun (edonor baino urrunago esan nahi dut). Ez da bera, ez da lehengo bera. Ez naiz hurbildu, ez dut nahi izan; zer esango nion, ba?
Jaietan, bestalde, nago gure herrietako barne kontraesan eta paradoxak azaleratzen direla egoera “normalean” baino areago. Uda honetan, igerilekutik irten eta gero, inguruko herri bateko jaietara joan ginen hango lagun batzuei bisita egitera. Jaietako zapi gorrietan “ _ _ _ _ _ _ _ko Jaiak / Jaietan ere euskaraz” leloa zeraman jende guztiak -zahar, gazte zein umeak, euskaraz jakin zein ez- espainolez ari ziren. Zinegotzi bat ikusi genuen paseoan lau (lau!) bizkartzainek inguratuta. Ume kuadrila bat aurrerago, batek EHSF-ko ikurrinadun sudadera ezaguna zeraman; bere aita “espainola” dela argitu zidaten.
Txoznetatik afaltzeko bokataren baten bila genbiltzala, nire lagun batek esan zuen urte batzuk barru oraindik ume diren gure seme-alabekin egingo dugula topo, desorduetan, amnistiako txoznan, adibidez. Beste lagun batek erantzun zion etsi puntu batez: -Urte batzuk barru, ondiño be ifini beharko doguz amnistiako txoznak, ala?
0 Comments:
Post a Comment
<< Home