Erdian
Gaur plenoak egiteko erabiltzen den udaletxeko aretoan egon naiz, bertan batzarra izan dut eta ohi bezala (nire akatsa da hori, leku guztietara goizegi heltzea) neu heldu naiz lehena. Hutsik zegoen, aurrean neuzkan jarleku hutsak eta, aurrez aurre, gaur egun Udal Gobernua osatzen dutenen aulkiak. Erdi-erdian. Alboetara, ezker eskuin, oposizioarenak. Eta burura etorri zait batzuk, orain dela hogeita bost urtetik hona, beti eseri direla erdiko aulkietan eta beste batzuk beti alboetakoan; eta pertsona batzuei zinegotzi edo alkate izateko proposamena egin dietenean erdiko jarlekuetan eseriko direla argi utzi dietela. Beste batzuei, aldiz, proposamena egin dietenean argi utzi diete alboetako jarlekuetan eseriko zirela, seguru (*). Eta, pentsatzen jarrita, pentsatu dut sentsazio berezia izan behar dela gauzak erditik, irabazleen ikuspegitik, ikuste hori.
Altxatu egin naiz nengoen lekutik eta alkatearen aulkian eseri naiz. Uau! Ez dakizue zer izan den hori! Behetik gora igo zaidan zirrara bat sentitu dut eta ezker eskuin begiratu dut goitik, oso goitik...
Eskerrak zetorren jendearen zaratak esnatu nauen. Arineketan jaitsi naiz neure lekura, oinezkoon aulki txikietara...
(*) Azken hauteskundeetan gainera, batzuei argi utzi diete ez zirela inon ere eseriko, epailearen aurrean ezpada, beren zerrendak “ilegalak” zirelako. Beste batzuei eseri eseriko zirela esan zieten, kaka egitera ere bizkartzainarekin joatearen truke.
0 Comments:
Post a Comment
<< Home