Kintoen bazkaria
Aurreko asteburuan kintoen bazkaria izan dugu. Kintoak zeozer esatearren, ni ez bainaiz soldadu joan. Aurten bete dira 25 urte -hogeita bost- kolejiotik irten ginela. "Colegio San Gabriel de los Padres Pasionistas", gaur egun izen handiko ikastola dena. Batzen garenetariko gehientsuenok bederatzi urterekin sartu eta hamazortzirekin atera ginen. Batzuek gehiago eta bestetzuk gutxiago, denok izaten dugu zer esana ume-gazte garai haietan bizitakoaz. Eta sufritutakoaz.
Hezkuntza ez zen gaur egungoa, ez horixe, behintzat hango eraikin kanpotik zuri eta barrutik ilun hartan urteak pasatzea egokitu zitzaigunontzat.
Kontatuko dizuet:
S.P.k gogoratzen zuen arratsaldeko sei eta erdietan ematen zietela eguerdiko soberakinen purea. Zortzi eta erdietan baso erdi esne eta ohera. Dio goizean goseak esnatzen zuela eta asteburuan etxera joaten zenean enpatxua hartzen zuela beti. Gauez, izara artean etxetik eramandako esne kondentsatu potetik edaten zuen. Ezin zuen txokolate edo gailetarik eraman, ateratzean plastikoaren zaratak salatuko baitzuen eta gelakide nagusiago batek edo praileren batek bestela, kenduko zizkiotelako.
L. sarritan ateratzen zuen arbelera M.C.A. andereñoak. Gustatzen zitzaion zatikiak edo eragiketak arbelean jartzea eta esango nuke M.C.A.k espero ere espero zuela L.k gaizki egitea eta erratzea, zaplada ikaragarria jotzeko edo masailean atximurka egiteko. L.k, eta L.ren moduan beste askok, negarrez egiten zuen sarri arbeletik bere pupitrerako bidea.
B.ri ere ematen zioten egurra arbelean, besteoi ematen zigutenaren bikotza eman ere. B.k ez zuen negar egiten, edo barrutik egiten zuen, auskalo; kontua da M.C.A. andereñoak zaplada eta atximurka bakoitzean esaten ziola: -¿No vas a llorar, o qué? Ez genion inoiz malkorik ikusi, arbelean behitzat. B. ez da urteroko bazkari hauetara etortzen, baina guk gogoratzen dugu.
J.A.k iladan jartzen zituen ebaluazio oro "interno" zeudenak eta zenbat penko hainbat txalo ematen zien. Ez nolanahiko belerriondokoak, benetan min eragiteko zartakoak.
P.ri esan zion mespretxuz J.A.k ez zela musikaria izango eta izatekotan ere, txarra, eta ez zuela musikatik bizimodurik aterako, ganorabakoen lanbidea zela hura. Gaur egun musikaria da, lehen ere bazen. Orkestra zuzendaria da, operak ere zuzendu ditu.
J.A. begirale edo zaintzailea zen, ez zeukan ez maisu titulurik ez ezer. Orain ere ez dakit daukan baina lanean jarraitzen du umeak hezten, izen handiko ikastola horretan.
Kontu alaiagoak ere aipatu ditugu, hala nola kanpai jotze txapelketak, "Operación Ogro", gauez sukaldeetara sartu janaria ohostera, Pablito, bizirik irauteko odola edaten omen zuen prailea...
Honelaxeko hezkuntza izan genuen batzuek garai haietan. Jakina, halakoak gara orain.
P.S.: Hor goian ikusten duzuen hori zen, eta oraindik ere bada, txiringitoko nagusia. Haren zapladak ez ziren ahaztekoak. Jarraituko du umeak jotzen?
1 Comments:
Hala ere, Józulin, tratu txarrak berdin banatzen ziren, guztien artean.
Nik gogoan daukat irakasle bat, bakar batekin tematzen zena, edo birekin... Hori okerragoa da.
Kontestualizatu beharra dago. Ezin dira garai haiek gaurko begiekin begiratu.
Eskerrak kontestualizatzen degun, bestela...
Oso mezu polita, Józu.
Post a Comment
<< Home