Jogurtologia (II)
Jarrai dezagun esne hartzituaren mundua aztertzen.
Txokolatezko jogurta: Ez du inon jartzen txokolatezko jogurta denik baina mundu guztiak deitzen dio horrela. Letra txikiak irakurtzen badituzue, ohartuko zarete postre lácteo dela eta ez duela batere zerikusirik esne hartzituarekin.
Zaku berean sartuko genituzke hotzik behar ez duten “jogurtak” (portzierto, gehienak Pascual markakoak, bandera gorri-horia daramaten horiek...)
Limoizko jogurtak: Kontatu nizuen gure etxean zer gertatzen den; orain, baina, denok nahi izaten dituzte limoizkoak eta nik amore eman eta mailukizkoak jan behar izaten ditut, ezinbestean.
Kokozko jogurtak: Debekatuta egon beharko lirateke, hain dira txarrak. Seguru nago merkeenak direla egiteko. Portzierto, fijatu zarete kokozko jogurtak ez dituztela inoiz eurak bakarrik saltzen? Melokotoizko edo mazedoniazkoekin batera egoten dira lotuta, txantajea egiten dizute kokozkoak ere eraman ditzazun. Debekatu beharko lituzkete, eta jaten dituztenak zuzenean atxilotu eta supermerkatuko kalabozo ilun eta hezeetara sartu, bai horixe!
Etxeko jogurta: Nire seme-alaben ustez munduko gozoenak. Badugu etxean “yogurtera” zahar bat eta berarekin egiten ditugu astean bi edo hirutan baserriko jogurta oinarri hartuta, mmmmmm! Eskatu aurten Olentzerori “yogurtera” bat, ez zarete damutuko.
Jogurt pedagogiko-eleanitzak: Errefrauak, asmakizunak-eta hizkuntza askotan dauzkatenak dira. Lehen, Angeluko Carrefour edo Casinon erosten genituen eta bidenabar frantses apur bat ere ikasten genuen; gaur egun, berton eros ditzakezu eta oraingoan portugesa ikasteko aukera duzu. Aurreko batean honako asmakizun ederra topatu nuen:
Tenho um pé mas não tenho sapatos, tenho um chapeu mas não tenho cabeça. Quem sou eu?
Erantzuna: Cogumelo. Ez izan alperrak eta begiratu hiztegiren baten...
Gero, badaude griegoak, bioak, kristalezko potoetakoak, zatiak dituztenak, laranjazkoak (puaj!)... Beste baterako utziko ditugu. Bide batez, griegoaz ari garela, nire lagun batek dio griegoa gustatzen zaiola baina ez zaizkio esnekiak gustatzen. Zer gustatzen zaio ba, nire lagunari?
Agur Ben-Hur, eta jan jogur!
5 Comments:
iapa jozulin,
hainbeste jogur gora-behera, azalduko al diguk mesedez nola egiten dituan munduko jogurrik hoberen horiek
nik ere izan nian etxean jogurrak egiteko garaia, beharbada hire errezetarekin berriro ere animatuko nau
aio!
Ba, oso erreza da: "Mahala" baserriko koilarakada bat jogurt potetxo bakoitzean, esne osoa (edo kaiku erdigaingabetua, botilakoa) eta 12 bat ordu yogurteran. Hozkailuan sartu eta hoztutakoan, barrura! On egin!
Nozko 'cogumelo'zko jogurtak? Hemen cogumeloak batzeako ohitura handia jekuk eta ez litzakek txarto egongo laster Iturriaga iragarki baten saltzean ikustea; popatik gatzatua! (por sierto ez dok ezebez esan gatzatuan ganean). SGAEn erregistrau beharko joat ideia...
Igarten dok kokozko jogurtak gustaten jatazakena? (Normalean mazedoniazkoa ixten joat begibistan seguratak ez sartzeako holango kalabozo ilun eta hezeetan.)
Jogurten apalen aurrean paratzeak, dudati batentzako, izugarrizko ameskaiztoa izan behar du. Horrenbesteko aukera! Orduak Jogurten apalari begira, behatza ahoan sartuta...
Nik bio jogurtak beti. Gezurra izango da osasungarri dirala, baina badaezpadaere.
Your blog keeps getting better and better! Your older articles are not as good as newer ones you have a lot more creativity and originality now keep it up!
Post a Comment
<< Home