Baga, biga, bloga!

Jozulinen begitantziñoak

2005-12-11

Loteria

Hor eskumatara ikusten duzuen “scroll” horretan jarri behar nuela deliberatu nuen irakurri nuenean George Bernard Shaw delakoaren ateraldia: “Loteria tontoen gaineko zerga da”. Graziosoa iruditu zitzaidan eta gauden garairako ezin aproposagoa, denok izango baitugu honezkero loteria, zozketa eta abarretan euro mordoa xahutua; kajoi bete daukat nik. Halako aipu xelebreak irakurtzean beti pentsatzen dut ze tipo argia izan behar den ateraldi bitxi sorta bat historiarako utzi ahal izateko. Badira era honetako pentsalariak, guri sarri burutik pasatakoa esaldi borobil batez laburbiltzeko gai direnak, jendea pentsakor uzteko ahalmena dutenak, beren xehean. Bernard Shawrenak dira, adibidez, hauek: “Estatistikak frogatuko dizu nire auzokoak auto bi baditu, bana daukagula” edo “Dirua ez da ezer, baina diru asko... hori beste gauza bat da”. Bila ezazue sarean, esaterako La Rochefocauld edo George Bernard Shaw bera ere, ikusiko duzue nola bakoitzaren esaldi bat baino gehiago ezagutzen duzuen, nola entzun edo irakurri duzuen inoiz baten bat.

Halakoak begitantziñoak nerabiltzan buruan halako batean George Bernard Shaw begien aurrean agertu zaidanean –ez, bera ez; bere izena- berarengandik espero ez nuen kontestu batean. Mitomano samarra izaki, ez nuen espero Shaw-engan alderdi ilunik topatzerik; baina, jakina, badu. George Bernard Shaw, antzerki idazlea, kazetaria, kritikaria... eta arrazista amorratua. Beste batzuekin batera, eta ez nolanahikoak -Theodore Roosewelt, Winston Churchill, Alexander Graham Bell (telefonoaren asmatzailea), H.G. Wells idazlea...- eugenesiaren alde agertu zen; eugenesia gizakiari aplikatzearen alde, alegia. Eugenesia, hitz bitan esanda, zenbait giza talderi –juduak, beltzak, adimen urrikoak, gaizkileak, txiroak...- ugaltzea debekatzean datza. Horretarako, milioika pertsona antzutu, esterilizatu, behar zituztela ondorioztatu zuten. Horrelaxe bakarrik salbatuko zen giza arraza, George Bernard Shaw eta bere lagun famatuen iritziz.

Eta pentsatzen jarrita, pentsatzen dut George Bernard Shaw hark ez zuela kontuan izan, hain zuzen ere, berak esandako zerbait: “Eskarmentuak erakusten digu gizonak ez duela eskarmentutik ikasten” .

P.S.: Konturatzen naiz ez dudala loteriaz hitzegin baina zer egingo zaio, halakoa naiz eta halako pentsakera sakabanatua du nire neurona –lanpetu- bakarrak.

2. P.S.: Esanak esan, zortea opa dizuet loteriaren zozketan.

3. P.S.: Zortea neure buruari ere opa diodanez, aditz berria asmatuko dut: Nik guri zortea opa digut.

2 Comments:

At 12 December, 2005 09:12, Anonymous Anonymous said...

Sentitzen joat baina aditz hori nire ikasleek be asmatu jaurek. Beharbada SGAEn erregistratu beharko juk.

 
At 13 December, 2005 13:31, Anonymous Anonymous said...

Loteria? Neu nahikoa "intsumisoa" naz kontu horiekin, nahiz eta ingurua oso bestelakoa izan, loteriazale tradizional konpultsiboa alegia.

Ingurukoek erabilten daben argudio nagusia: "Baina zelan ez dozu ba hartuko? Eta tokatzen badau, zeu izango zara bakarra hartu ez ebana?". Erantzuna: "Bai. Tokatzen badau, bejondeizuela! Gonbidatuko ninduzuen zeozer hartzera, ezta?"

Erraza da esaten, hala be. Ez dot imajinatu nahi zer gertatuko zan benetan loteria tokauko bajakien lankideei-edo... Hoba ez tokatzea orduan!

 

Post a Comment

<< Home