Baga, biga, bloga!

Jozulinen begitantziñoak

2005-12-13

Zer nahi dugu ba?

Herririk autokritikoena izatera heldu ginen aspaldi. Autoflagelazioa gustatzen zaigulakoan nago; ez dakit, ordea, hezkuntza judeokristauaren eragina ote den ala zapalduaren konplexua (beti dena egiten dugu txarto, beti dena egiten dugu txarto, beti dena egiten dugu txarto...)

Eta, jakina, besterik ere badago: munduan diren korronte guztien aurka egitearena ere oso euskalduna da; beraz, modernoena izateko justo oraintxe arrakasta izaten ari denaren kontra egin behar dut, ez dezatela pentsa hainbeste jende eramaten duen ekitaldi, ideia edo taldearekin ados egongo naizenik. Nire “protestalari-enfant terrible” irudiarekin ez letorke batere bat, mesedez!.

Eta beraz, esan behar dut Durangoko Azoka (*) merkatu hutsa dela, eta jendeak irakurriko ez duena erosten duela, ezagun gehiegi topatzen dugula Durangon (hori ere ez da ona, antza) eta orain gogoratu nahi ez ditudan beste zenbait iritzi sakon, mamitsu, hanpatu eta larriak.

Itxura denez, iritzigile hauek ez dute –esaterako- herriko boleibol taldeko Gabon Otzararen zozketarako txartelik erosten, ez dira sekula joan herriko emakume jubilatuen abesbatzaren emanaldi erabat aspergarrietara edo ez diote erosi lehengusu musikariari bere rock talde marabillosoaren maketa jasanezina...

Bostehun milako herri txiki txikitua gara, gure herrian ere gutxiengo urri, garena garelako eta izan nahi dugulako epaitu eta gartzelaratuak sarri. Herri honetan gauza asko egiten dira “por la patria” eta egiten jarraitu beharko. Eta zer?

Zer nahi dugu ba, herri normala bagina bezala bizi? Ba, sentitzen dut baina luze joko du.

(*) Hitz eman nion neure buruari ez nuela Durangoko Azokaz jardungo, baina ikusten duzuenez ezin naiz neure buruaz ere fidatu.

2 Comments:

At 15 December, 2005 11:33, Blogger leire said...

Aupa, Jozulin

Errezoia dakazu, Durangoko azoka gustoko dogula esatia ez dago modan.

Ba, izorratzia dake! Neri gustatzen jata! Ez naiz oso modernia izango baiña neri bost! Hobeto, holan gustoko dakagunok standak trankil ikusteko aukeria izango dogu!

 
At 15 December, 2005 11:33, Blogger leire said...

Aupa, Jozulin

Errezoia dakazu, Durangoko azoka gustoko dogula esatia ez dago modan.

Ba, izorratzia dake! Neri gustatzen jata! Ez naiz oso modernia izango baiña neri bost! Hobeto, holan gustoko dakagunok standak trankil ikusteko aukeria izango dogu!

 

Post a Comment

<< Home