Baga, biga, bloga!

Jozulinen begitantziñoak

2005-08-27

Nondik begiratzen den. (Uztaileko begitantziño bat)


EAEko egunkaririk salduenean (*) beti dago zeri erreparatu. Gaur, esaterako, ikaratu egin naiz hauxe irakurri baitut: “Los embalses están a menos de la mitad por primera vez desde 2002”. Izenburu deigarria, inondik ere. Lehortearen mamua agertu zait, basamortua ikusi dut eta bat-batean mingaina bera ere siku eta lodi somatu dut. Zurrutada bat ur hartu dut eta jarraitu dut irakurtzen (etzana nirea da): “Los embalses y pantanos españoles han bajado esta semana del 48´74%...” jartzen du testu barruan. Susmatzen hasi naiz. Eskerrak beste egunkaririk ere baden gurean: “Euskal Herriko urtegiak iaz sasoi honetan zeuden bezala daude, %70 inguru beteta”. Nondik begiratzen den, haor dago gakoa.

(*) Baten batek galde dezake ea zer egiten dudan hain gutxi maite dudan egunkaria irakurtzen. Perbertsio ilunagoak dituen jendea dabil solte mundutik...


2005-08-23

A Catalunya


Kaletik zoazela senar-emazteak beren artean katalanez, seme-alabak ere bai. Ikusten dituzu etxeko zaharrak, aulkiak atari ondora aterata, gerizpetan auzokoekin txolartean katalanez barreka. Herriko jaiak dira eta gazte koadrilak oihuka (“¿Qué pasa neng?” esanez elkar agurtzen dute) eta zarataka dabiltza kaleetatik, katalanez. Nerabe bi, neska eta mutila, lotsati, elkarri begietara begiratzeko adore barik oraindik, gauerako geratzen ari dira, katalanez. Caprabo hipermerkatuan errotulazio guztia katalanez dago, katalanez baino ez, goitik eta beheraino. Produktu zuriak hartu eta makarroi paketean dena dago katalanez, soilik katalanez. Arraindegiko neska katalanez ari da lankideekin eta zuri ere:¿Què vols?, lehen hitza katalanez.

Halako amorru ttiki batekin itzultzen naiz urtero Kataluniatik. Inbiria dela uste dut, eta ez naizela bakarra ere uste dut. Inbiria diogu Kataluniari hizkuntzaren egoeragatik, Irlandari ere inbiria diogu bake prozesua dela eta... Eta ez dakit Europako herririk zaharrena izatetik herririk enbidiosoena izatera ez ote garen heldu.

Baina ez egin kasu handirik, oporren ostea izango da igual.