Baga, biga, bloga!

Jozulinen begitantziñoak

2006-01-29

Ikasiko dute

Ikasiko dute

eskolan

gure seme-alaben

seme-alaben

seme-alabek

izan zela inperio bat

ahalguztiduna-edo

Amerikaren iparraldean.

Eta izan zela haren aurrean

zutitu zen Allende bat

eta handik gutxira (36 urte instant bat baitira historian)

Evo Morales izeneko bat

Amerikaren hegoaldean

eta tartean fidel izan zela Fidel

Amerikaren ez iparraldean, ez hegoaldean

baizik eta irla batean.


Ikasiko dute

eskolan

gure seme-alaben

seme-alaben

seme-alabek

izan zela inperio bat

ahalguztiduna-edo

Amerikaren iparraldean

egun batean, egun erabat eguzkitsu batean,

erori zena. (*)


(*) Erori zen bultza egin ziotelako, jakina, bestela oraindik ere egongo zen zutik etorkizun horretan, etorkizun guztietan.

2006-01-23

Negar egin du Evok


Negar egin du Evok eta jantzi koloretsuak ikusi ditugu Boliviako parlamentuan.

Eta koka orriak murtxikatzen ere ikusi ditugu Boliviako parlamentuan gaur.

Negar egin du Evok traje beltzaren gainean tapauka koloretsua jantzita gaur zin egin duenean.

Eta ez du eskuarekin gurutzearen irudia egin, eskuma bihotzean eta ezker ukabila gora egin baitu zin.

Che Guevara gogoratu du Evok eta milaka kokalero hilak, eta Amerikan hildako milioiak...

Negar egin du Evok munduaren aurrean gu guztioi zerbait irakatsiz.

Negar egin du gaur Evok eta nik, ateo sinesgogor honek, sinestu nahi diot, sinestu behar diot. Bestela?

2006-01-17

Akatsetatik ikusten da.


Bai. Badakit, esaerak ez dio hori berori; esaldiak akatsetatik ikasten dela dio. Nago, baina, akatsetatik ikasi-ikasi lau katuk egingo dutela, ezaguna baita -beste esaera bat- gizakia dela behin eta berriro harri berarekin estropozo egiten duena. Zer esango dizuet goiko orrialdeaz zuek honezkero pentsatu ez duzuena? Zer ondorio eskaini ahal dizuet hain maite dudan aldizkari honetaz zuek jadanik –inoiz irakurri baduzue- atera ez duzuena?

Irudikatu ahal ditugu:

"-A ver, ¿Qué tenemos en la carta al dire?

-Pues, nombres propios...a ver...sí, habla de Benito Lertxundi, uno que canta, creo. Es Lertxundi con té equis.

-Vale, buscame una foto guapa...

-Lertxundi...Lertxundi... Aquí tienes una guay.

-Jodé, ¿Y con esta cara canta el tío? Da igual, venga pégala y acabamos."

“ ...horra hor lapsus deitzen den zulotxoa, horra azpian zegoena agerian, horra sekretuan gorde nahi zena nabarmen... “ Bernardo Atxaga. Lekuak


Eta akatsetatik, “lapsus deitzen den zulotxo” horretatik, ikusten da -ikusten dugu- zer dagoen kazetariaren buruan orrialdea maketatu duenean, euskara hutsezko aldizkari bateko orrialdea, aizue.

Etorriko da norbait esanez ondorengo alean barkamena eskatu zutela. Ez du balio, Bushek ere onartu du Iraken ez zegoela suntsipen handiko armarik.

Ponga un Lertxundi en su vida!

2006-01-13

Artistaren inpunitatea

(Jozulin musika kritikari. To!)

Artistak eta Askatasunak elkartu ondoren munduratzen dituzten umeak ederrak dira beti. Lehengo egunean egiaztatu ahal izan genuen John Tilburyk eta Sabin Bikandik Bilboko Euskalduna Jauregian eskaini zuten ikuskizun-kontzertura hurbildu eta sartu ezinik, lekurik gabe geratu ez ginenok. Ez dago gauza handirik kontatzeko, ez pentsa, ordu beteko inprobisazioaren hitzezko kronikarekin ezinezkoa baita bertaratu ginenok sentitutakoa.(*) Saiatuko naiz, hala ere, deskribatzen sikieran eskena gainean ikusitakoa.

John Tilburyren pianoak sortzen zuen ohe harmonikoaren gainean (batzuetan ohe elastikoa, bestetzutan urezko koltxoiduna edo lastozko ohatzea) Sabin Bikandi saltoka eta itzulipurdika zebilen orain eta baso heze eta lanbrotsura eramaten gintuen gero, ume bihurriaren gisara (ume bihurria baita, hau ere esan beharra dago). Txistuak, txirulak, multitxistuak, alboka, soinua, “jugetea”, marinba... eta azken hau jotzeko bibradore pare bat ere erabili zituen. Zati musikalagoak eta tarte umoretsuagoak ere izan zituen kontzertuak eta jendea (pentsa ezazue asteazkenero txistu kontzertuak entzutera joaten den publiko, nola esan, “heldua” zela) sakelan sartua zuten lehenengo bost minutuetarako, aho zabalik musikariek hurrengo zer eskainiko.

Egon zirenen “negrita” kronikan aipatu gabe ezin utzi Peter Ansorena eta alaba (alaba behar zuen aurpegi harekin), Bilboko Txistulari Bandakoak, Pablo Montesinos, Jon Sanchez Bilboko Udaleko Kultura zinegotzi txit zinegotzia (amaitzear zegoela iritsi zena, bestalde), Sabinen ama, andrea, arreba, Galdakaoko kuadrillaren ordezkaritza zabala eta, azkenik, ezagutuko ez nituen asko eta sartu ezinik geratu ziren beste asko ere bai.

Ez itzazue izen hauek ahaztu: John Tilbury & Sabin Bikandi; egingo dituzte aurrerantzean kontzertu gehiago eta gauza bat esango dizuet: ez galdu hurrengoa.

Artistak, artistaren inpunitatea baliatuz, honakoa kantatu zigun, halako batean: “En este pueblo todos se tocan los huevos”. Ez da egia; batzuek behintzat, garunari ederto eragiten diote. Ez ahaztu: John Tilbury & Sabino Bikandi (criador de canarios).

(*) “Musikari buruz hitzegitea, arkitekturari buruz dantzatzea bezain zaila da” irakurri nuen behin ez dakit non.

2006-01-09

Euskaldunon umorea


Galtzen ari gara. Umorea esan nahi dut. Oso serioak gara eta egiten ditugun gauzak ere oso serioak dira. Aberriaren patua jokoan dugu egunero, momentu historikoz betetako garaietan bizi gara. Nago, orain dela ez oso gutxi (*) ez zitzaiola horrenbeste begiratzen gure betebehar historikoari edota zuzentasun politikoari eta hiztegirik salduenean (ia bakarrean, egia esan) ere topa genitzakeen euskaldunen umorearen (eta batzuen malaletxearen) adibide ederrak. Ondokoak “Hiztegia-80”-koak dira:

Zirri: 1 acción de palpar las curvas femeninas, más o menos disimuladamente con el consentimiento tácito de su dueña. 2 empujones cariñosos que se dan los jovenes de ambos sexos.

Euskaltzaindi: Academia de la Lengua Vasca; nombre de evidente incorrección gramatical inventado, a raíz de su fundación, por los puristas, con la oposición de don R.M. Azkue, a fin de evitar el erderismo (!?) Euskal Akademia, y que por conservadurismo, no del todo explicado, se mantiene en la actualidad como denominación de la institución del país llamada a velar por la pureza del idioma.

Euskaltzaingo: nombre propuesto por Azkue para denominar a la corporación académica de la lengua vasca, y que por la presión de los aranistas, deseosos de formar más nombres en –di para justificar así el Euzkadi del “maestro”, no fue aceptado en votación, triunfando, para vergüenza de la propia academia, el término incorrecto Euskaltzaindi.

Ertzain: miembro del servicio de orden del PNV. 2 vide hertzain.

Hertzain: guardia, miembro de la policía autonoma vasca.

Euskeranto: vide euskara batu: mote despectivo

Euzkadiano: ciudadano de Euzkadi; nombre que se daban a sí mismos los miembros de cierto partido político.

Ez didazue esango ez dela mundiala “cierto partido político” hori. Non aurki dezakezue oraingo hiztegi serioetan halakorik? Ez ezazue galdu aukera, “Hiztegia 80”-ren ale bat eskura baduzue, euzkadillero, euzkadi, euskadi, euzkeldun-zar eta beste hainbat hitzen gaineko esanak irakurtzeko. Gozatu egingo duzue.

Enfin, geroago etorri ziren HIZTEGIA 2000, HIZTEGIA 3000, ELHUYAR, HIZTEGIA.NET, OEH... hobeak, potoloagoak; serioagoak, hitz batean. Baina ez ziren izango hain graziosoak, ez horixe.

(*) 1980 ez da oso aspaldi nire denboraren pertzepzio partikularrean...

2006-01-05

3

1

A: Ikusten dut telebistan Palestinan atentatua izan dela, Gazan. Gehien bat mendebaldarrek erabiltzen duten hotel batean, Gaza osoan alkohola zerbitzen zuten leku bakarrean. Debekatu egiten baitie erlijioak (Islamak) alkohola edatea.

B: Hemen, mendebaldean, laster esan ahal izango dugu “erretzea debekatzen ez duen leku bakarrean”. Debekatu egiten baitigu erlijioak (Osasunak) tabakoa erretzea. Zenbat urte barru debekatuko dute alkohola edatea?

Nolatan ausartzen naiz debeku biok alderatzen? Parekatzeko modukoak al dira?

2

Italiako irudiak telebistan. Etorkinak ikusten ditut albistegian, harrapatu eta gero edukitzen dituzten aterpeetatik atera dituztenean. Arropa mendebaldekoa, modernoa, daramate soinean eta beren ondotik poliziak eta bolondresak dabiltza laguntzen, besoetatik oratzen eta ber-herriratuko dituen hegazkinerantz bideratzen. Poliziek eta laguntzaileak ere moderno jantzita doaz (Badakizue nola janzten diren poliziak poliziaz janzten ez direnean: “vestidito pero informal”). Gaua da eta irudiak ilunak. Detaile bakar batek adierazten digu nor den etorkina eta nor polizia: latexko eskularruak daramatzate poliziek.

3

Nire urteguna da. Zorionak Jozulin!