Baga, biga, bloga!

Jozulinen begitantziñoak

2005-11-30

Aristotelesen lezioa.

Harro esan zuen lagunak bazkalosteko solasean: -Aizue, banketxetik deitu didate hainbeste diru daukadala “geldi” eta ea ez nuen nahi hura “mugitzerik” oraingoa baino etekin handiagoa lortze aldera. Hori da ganora, hori da bezeroaren alde egitea, ze lehen neure dirutxuak beste banku batean nituen eta, aizue, kasurik ere ez; orain, berriz, burtsan jokatuko dute nire diruaz eta irabaziak, ttak!, neure sakelara –jarraitu zuen lagunak aberastu berriaren berbeta potoloaz.

Guztiz normala balitz bezala hartzen ditugu halakoak. Normala ez dakit baina ohikoa bada nork bere diruari etekinik handiena atera nahi izatea. Ala ez?

Ba, parkatuko didazue atrebentzia baina uste dut ezetz. Eta nire argumentazioa laguntzeko ezin duzue imaginatu nor etorriko den Aristotelesen aipua ahoan:

“Niri berehala etorri zitzaidan gogora Aristotelesen
pentsamendua, zeinetan oikononomía (ekonomia) eta khrematiké (moneta, dirua) bereizten baitzituen. Hala zioen: ehun ardi badituzu eta
tajuz ernaltzen badituzu, hurrengo urtean 180 edo 200 ardi izango dituzu:
etekina lortzeko modu naturala da hori; baina urrezko ehun txanpon badauzkazu
eta kutxa batean gordetzen badituzu, hurrengo urtean ehun txanpon izango dituzu,
ez gehiago; diruak ez duelako ezer ekoizten, ezer ere ez. Ez dago diruari
etekinik ateratzerik, ez bada besteren lepotik abantaila aterata. Eta abantaila
ateratzea antinaturala da.”

Egia santua, lagunok. Zer egiten du bankuak geure diruari etekina ateratzeko? Ba, pentsa ezazu zu zeu (pizka bat bada ere) aberastu bazara, besteren bat (pizka bat bada ere) pobretu egin dela. Hala da, nahi eta nahi ez.

Dirua koltxoi azpian sartzeko gogoa etorri zait. Edo ardiak erostekoa.

P.S.: Oraindik ez dakizue nork kontatua den Aristotelesen pasadizoa? Sakatu hemen.


2005-11-22

Gizon finlandiar bat

Gizon finlandiar bat ageri da telebistan, irribarrez. Aurpegian edukaziozko irri lausoa duela eskertu die banan banan doluminak ematera joan zaizkion auzokoei. Telebistako esatariak argitu du istripua errepidean gertatu zela: patinetez zihoazen ume bi; auto batek harrapatu eta hil egin du bietako bat, gizon finlandiarraren semea, seme ttikia.

Lagun batek Finlandiako enpresa baterako egin zuen lan aspaldi eta kolpean etorri zait burura behin kontatu zidana: Kontua da halako batean Finlandiako nagusia etorri zela Euskal Herrira eta igande batean egun pasa geratu ziren nire lagunaren eta nagusiaren bi familiak, umeak eta guzti. Lagunak esan zidan orduan zeharo harritu zela ikusita ze gogor egiten zieten umeei, ez zietela negar egiten uzten, Finlandian negar egitea gaizki ikusita baitago, antza; ahultasun seinaletzat dute eta horregatik guztiz debekatzen diete umeei negar anpulu txikiena ere erakustea.

Eta hor ageri da telebistan gizon finlandiar bat, gizon finlandiar luze-luze bat, auzokoen doluminak jasotzen eta irribarrez...

2005-11-17

Subiranotasuna zer den

Washingtonen gertatu zen elkarrizketa hau 2004ko abuztuaren 6an, George W. Bush eta AEBetako gutxiengoetako 5.000 ( bost mila!!!) kazetariren arteko topaketa batean. Zuzenean egiten dio galdera kazetari indiarrak:

"Kazetari indiarra: Zure ustez, zer esanahi dauka tribuen subiranotasunak XXI mendean eta nola konpon ditzakegu tribuek estatuekin eta Gobernu Federalarekin ditugun arazoak?

George W. Bush: Bai, tribuen subiranotasunak horixe esan nahi du, subirano, esan nahi dut zuek zaretela... [zalantzaka hasi da] ...zuek zarete... subiranotasuna eman zaizue eta... subiranotzat hartuak zarete... [jendearen barre algarak]

Kazetari indiarra: [harriturik] OK

George Bush: ... eta beraz [bere buruaz ziurrago oraingoan], Gobernu Federalaren eta tribuen arteko harremana entitate subiranoen artekoa da."

Nondik ondorioztatzen baita, lagunok, Bushek Josujonek baino argiago daukala subiranotasuna zer den.

Egin hemen klik elkarrizketa entzun nahi baduzu.

2005-11-14

Jogurtologia (II)

Jarrai dezagun esne hartzituaren mundua aztertzen.

Txokolatezko jogurta: Ez du inon jartzen txokolatezko jogurta denik baina mundu guztiak deitzen dio horrela. Letra txikiak irakurtzen badituzue, ohartuko zarete postre lácteo dela eta ez duela batere zerikusirik esne hartzituarekin.

Zaku berean sartuko genituzke hotzik behar ez duten “jogurtak” (portzierto, gehienak Pascual markakoak, bandera gorri-horia daramaten horiek...)

Limoizko jogurtak: Kontatu nizuen gure etxean zer gertatzen den; orain, baina, denok nahi izaten dituzte limoizkoak eta nik amore eman eta mailukizkoak jan behar izaten ditut, ezinbestean.

Kokozko jogurtak: Debekatuta egon beharko lirateke, hain dira txarrak. Seguru nago merkeenak direla egiteko. Portzierto, fijatu zarete kokozko jogurtak ez dituztela inoiz eurak bakarrik saltzen? Melokotoizko edo mazedoniazkoekin batera egoten dira lotuta, txantajea egiten dizute kokozkoak ere eraman ditzazun. Debekatu beharko lituzkete, eta jaten dituztenak zuzenean atxilotu eta supermerkatuko kalabozo ilun eta hezeetara sartu, bai horixe!

Etxeko jogurta: Nire seme-alaben ustez munduko gozoenak. Badugu etxean “yogurtera” zahar bat eta berarekin egiten ditugu astean bi edo hirutan baserriko jogurta oinarri hartuta, mmmmmm! Eskatu aurten Olentzerori “yogurtera” bat, ez zarete damutuko.

Jogurt pedagogiko-eleanitzak: Errefrauak, asmakizunak-eta hizkuntza askotan dauzkatenak dira. Lehen, Angeluko Carrefour edo Casinon erosten genituen eta bidenabar frantses apur bat ere ikasten genuen; gaur egun, berton eros ditzakezu eta oraingoan portugesa ikasteko aukera duzu. Aurreko batean honako asmakizun ederra topatu nuen:

Tenho um pé mas não tenho sapatos, tenho um chapeu mas não tenho cabeça. Quem sou eu?

Erantzuna: Cogumelo. Ez izan alperrak eta begiratu hiztegiren baten...

Gero, badaude griegoak, bioak, kristalezko potoetakoak, zatiak dituztenak, laranjazkoak (puaj!)... Beste baterako utziko ditugu. Bide batez, griegoaz ari garela, nire lagun batek dio griegoa gustatzen zaiola baina ez zaizkio esnekiak gustatzen. Zer gustatzen zaio ba, nire lagunari?

Agur Ben-Hur, eta jan jogur!

2005-11-09

Juan Mari

Juan Marik dio kalbarioa pasatu duela eta ez duela ahaztuko nork pasarazi dion. Juan Marik kalbarioa iritzi dio bereari. Bego. Hala izango da berak hala sentitzen badu. Baina hizkuntzak zehatzak izan behar dira. Izan gaitezen zehatzak: Kalbarioa hori bada, nola definituko dugu, Juan Mari sailburu zela, Lasa eta Zabalaren senideek sufritu zutena -sufriarazi zietena- semeak duin lurperatu behar zituzten egunean? Kalbarioa Juan Marirena bada, eta hala izango da berak hala badio, ze izen erabiliko dugu neska gazte bati negu gorrian Arkauteko aparkalekuan utzitako furgoneta baten barruan biluzik eta toalla busti batekin gaua pasarazten diotenean? Asmatu beharko dugu hitzen bat kalbario hitza erabili ezin badugu.

Egun batzuetan ze demagogiko izatera behartzen gaituzten!

2005-11-08

Jogurtologia (I)

Zenbat jogurt jaten dituzue egunero? Bat, bi, gehiago? Badakizue esne hartzituaren industriak zenbat diru mugitzen duen? Ba nik ere ez, baina asko.

Kontua da jogurtak aspalditik iruditzen zaizkidala munduaren edo bizitzaren... metafora? metonimia? metadona? Bueno, horrelako zeozer. Azalduko dizuet:

Mousseak: Nola saldu airea jogurtaren prezioan (edo garestiago). Fijatu zaitezte jogurtaren eta moussearen pisuan eta prezioan, egin ezazue “regla de tres” bat eta, horratx ezustea!

Lagunduko dizuet: Ez dizuet esango supermerkatuaren izena, ez produktuen markak baina datuak, egiazko datuak, hauexek dira: Zaporedun lau jogurteko pack-ak (500 gr) 1,55 €, zaporedun lau mousseko pack-ak (280 gr) 1,69 €. Garden.

Aloe vera dutenak: Aspaldion aloe vera delako landare horrekin denetarik egiten dute: aurpegian, ipurdian (!) edo aluan (!!) igurtzitzeko krema edo edateko jogurta. Parkatu, baina ez zait ganorazkoa iruditzen. Nik ez nuke edango horrelakorik. Gainera, landare honen argazkia ren bila nenbilela, ohartu naiz banuela lehenago ikusita... nire etxeko portalean!

Botika-jogurtak: Badakizue, kolesterola-eta jaisten laguntzen dutenetakoak. Aurreko batean horrelako jogurt baten telebistako iragarkian irakurri nuen (txiripaz, hain txikiak ziren letrak eta hain arin pasatzen ari ziren eskuin ezker, txiuuuun!) ez zela komeni egunean bat baino gehiago jatea, eta emakume haurdunek medikuari galdetu behar ziotela honelako jogurta jan baino lehen... Baina bueno, zer dauka jogurt horrek, ba?

Bakarrik falta zaio esatea: “Este anuncio es de un medicamento, en caso de úlcera gastroduodenal...”

Eta hurrengoan kokozko jogurtei buruz hitzegingo dugu, besteak beste.

2005-11-03

Erdian

Gaur plenoak egiteko erabiltzen den udaletxeko aretoan egon naiz, bertan batzarra izan dut eta ohi bezala (nire akatsa da hori, leku guztietara goizegi heltzea) neu heldu naiz lehena. Hutsik zegoen, aurrean neuzkan jarleku hutsak eta, aurrez aurre, gaur egun Udal Gobernua osatzen dutenen aulkiak. Erdi-erdian. Alboetara, ezker eskuin, oposizioarenak. Eta burura etorri zait batzuk, orain dela hogeita bost urtetik hona, beti eseri direla erdiko aulkietan eta beste batzuk beti alboetakoan; eta pertsona batzuei zinegotzi edo alkate izateko proposamena egin dietenean erdiko jarlekuetan eseriko direla argi utzi dietela. Beste batzuei, aldiz, proposamena egin dietenean argi utzi diete alboetako jarlekuetan eseriko zirela, seguru (*). Eta, pentsatzen jarrita, pentsatu dut sentsazio berezia izan behar dela gauzak erditik, irabazleen ikuspegitik, ikuste hori.

Altxatu egin naiz nengoen lekutik eta alkatearen aulkian eseri naiz. Uau! Ez dakizue zer izan den hori! Behetik gora igo zaidan zirrara bat sentitu dut eta ezker eskuin begiratu dut goitik, oso goitik...

Eskerrak zetorren jendearen zaratak esnatu nauen. Arineketan jaitsi naiz neure lekura, oinezkoon aulki txikietara...

(*) Azken hauteskundeetan gainera, batzuei argi utzi diete ez zirela inon ere eseriko, epailearen aurrean ezpada, beren zerrendak “ilegalak” zirelako. Beste batzuei eseri eseriko zirela esan zieten, kaka egitera ere bizkartzainarekin joatearen truke.