Baga, biga, bloga!

Jozulinen begitantziñoak

2005-12-30

Kontraesanak / Kontra esanak



Kontraesanez betetako herrian bizi garela entzuten aspertuta gaude. Kontraesana baita elebitara argitaratutako liburuaren egileak ele bietako bat ez ezagutzea. Kontraesana ere badelako argazki liburu baten argazki oinak euskaratu behar dituenak argazkiak ikusi gabe itzuli behar izatea. Kontraesana da diru publikoz ordaindutako liburuari argitaratu aurretiko gainbegirada euskaldun batek eman ez izana.
Kontraesana da, azken batean, herri normal(izatu) batean biziko bagina bezala bizi nahi izatea.
Gure kontra esanak dirudite; gure kontra eginak dira, baina.

2005-12-28

Iraultza blogosferan


Ezusteko ederrak astindu du gaur euskal blogosfera eta are gehiago Wall Street bera ere, euskal enpresa batek Goggle ahalguztiduna erosi duela zabaldu denean. Cope & Zintas euskal zopware enpresak AEP zitala (OPA hostil) egin eta Goggle-ren akzioen gehiengoa eskuratu du. Cope & Zintas enpresa ezaguna da Zopa programazio hizkuntza asmatu izanagatik eta batez ere www. susmatu.com, www. augki.com , www. egibar.org eta www .gehiena.net euskal guneak direla eta. Cope & Zintas enpresako buru, eta oraindik aurrera Blooger plataformaren jabe, Zuzendari Orokor eta Nagusi den Javiertxo F. Hosto-Latzak zera esan digu: “Zer uste zuten ba, ez ginela ausartuko, ala?”

Bestalde, Blooger eta Goggle-ko langileek BEGA (Blogeatzeko Euskararen Gaitasun Agiria) atera beharko omen dute.

Harridura zen nagusi “egibarnautak” taldekoen artean ere; zerrendako mezu bat lortu dugu, honela zioen:

Adi gero, mezuak bidaltzeko: egibartarrak-/9hXvnWue/9Wk34tik3J/w <>public.gmoni.org http://www.egibar.org/zerrendia egibartarrak-leave <>9hXvnWue/9Wk34tik3J/
“Edarra ein desku Javiertxok arerixuakin juanda, ondiñokarren dakat buruan goizeko albistia zerrendian irakorri dodanian... Siñistu biar dogu barrixa, ala ze ostixa? “

Adi gero, mezuak bidaltzeko: egibartarrak-/9hXvnWue/9Wk34tik3J/w <>public.gmoni.org http://www.egibar.org/zerrendia egibartarrak-leave <>9hXvnWue/9Wk34tik3J/w 2005/12/28

Blogero.net enpresako G. Ketedén ere txundituta harrapatu dugu: “Jode!, bagenekien sorpresaren bat ateratzekotan zebiltzala, baina, hau....hau!”.

Hartzapanda seguritate enpresako Aitor Agirregomezkortakoategorrieta eta Yajúm! Ezpania-ko Xabier Ezeizabarrenetxekotegi ezin izan ditugu elkarrizketatu paradero ezezagunean aurkitzen baitzuten beren burua.

Hau izan da dena oraingoz. Erantzunetan aktualizazioiak izango dituzuelakoan gaudete.

2005-12-24

Gabon Basa!

2005-12-17

Agurea

Agurea erietxeko ohean dago. Egun batetik bestera bihurtu da gizona agure, instant batean igaro du muga. Ezin egona. Arnas urduria. Goizaldeko ordu bietan kaleko zaratarik ez da jada. Erietxeko hotsak motelduta iristen dira gela isil eta ilunera, ez dira hots gozoak: beste geletakoen telebistetako barreak, txaloak eta algarak; larrialdietako txirrinak, erizainak lasterka... Ondoko gelatik aiene ahulak datoz tarteka. Begiraiozu sueroari. Arnas urduria. Ezin egona. Goizaldeko laurak, oraindik ez du egunak argituko, badakizu: “Santaluzietan gaba da luze, Sanbernabetan egune”. Bostak, erizaina sartu da, irribarrea eskaini dit. Termometroa.
Ondoko gelatik aieneak datoz berriro. Gureak dira. Etorkizunetik datoz.

2005-12-13

Zer nahi dugu ba?

Herririk autokritikoena izatera heldu ginen aspaldi. Autoflagelazioa gustatzen zaigulakoan nago; ez dakit, ordea, hezkuntza judeokristauaren eragina ote den ala zapalduaren konplexua (beti dena egiten dugu txarto, beti dena egiten dugu txarto, beti dena egiten dugu txarto...)

Eta, jakina, besterik ere badago: munduan diren korronte guztien aurka egitearena ere oso euskalduna da; beraz, modernoena izateko justo oraintxe arrakasta izaten ari denaren kontra egin behar dut, ez dezatela pentsa hainbeste jende eramaten duen ekitaldi, ideia edo taldearekin ados egongo naizenik. Nire “protestalari-enfant terrible” irudiarekin ez letorke batere bat, mesedez!.

Eta beraz, esan behar dut Durangoko Azoka (*) merkatu hutsa dela, eta jendeak irakurriko ez duena erosten duela, ezagun gehiegi topatzen dugula Durangon (hori ere ez da ona, antza) eta orain gogoratu nahi ez ditudan beste zenbait iritzi sakon, mamitsu, hanpatu eta larriak.

Itxura denez, iritzigile hauek ez dute –esaterako- herriko boleibol taldeko Gabon Otzararen zozketarako txartelik erosten, ez dira sekula joan herriko emakume jubilatuen abesbatzaren emanaldi erabat aspergarrietara edo ez diote erosi lehengusu musikariari bere rock talde marabillosoaren maketa jasanezina...

Bostehun milako herri txiki txikitua gara, gure herrian ere gutxiengo urri, garena garelako eta izan nahi dugulako epaitu eta gartzelaratuak sarri. Herri honetan gauza asko egiten dira “por la patria” eta egiten jarraitu beharko. Eta zer?

Zer nahi dugu ba, herri normala bagina bezala bizi? Ba, sentitzen dut baina luze joko du.

(*) Hitz eman nion neure buruari ez nuela Durangoko Azokaz jardungo, baina ikusten duzuenez ezin naiz neure buruaz ere fidatu.

2005-12-11

Loteria

Hor eskumatara ikusten duzuen “scroll” horretan jarri behar nuela deliberatu nuen irakurri nuenean George Bernard Shaw delakoaren ateraldia: “Loteria tontoen gaineko zerga da”. Graziosoa iruditu zitzaidan eta gauden garairako ezin aproposagoa, denok izango baitugu honezkero loteria, zozketa eta abarretan euro mordoa xahutua; kajoi bete daukat nik. Halako aipu xelebreak irakurtzean beti pentsatzen dut ze tipo argia izan behar den ateraldi bitxi sorta bat historiarako utzi ahal izateko. Badira era honetako pentsalariak, guri sarri burutik pasatakoa esaldi borobil batez laburbiltzeko gai direnak, jendea pentsakor uzteko ahalmena dutenak, beren xehean. Bernard Shawrenak dira, adibidez, hauek: “Estatistikak frogatuko dizu nire auzokoak auto bi baditu, bana daukagula” edo “Dirua ez da ezer, baina diru asko... hori beste gauza bat da”. Bila ezazue sarean, esaterako La Rochefocauld edo George Bernard Shaw bera ere, ikusiko duzue nola bakoitzaren esaldi bat baino gehiago ezagutzen duzuen, nola entzun edo irakurri duzuen inoiz baten bat.

Halakoak begitantziñoak nerabiltzan buruan halako batean George Bernard Shaw begien aurrean agertu zaidanean –ez, bera ez; bere izena- berarengandik espero ez nuen kontestu batean. Mitomano samarra izaki, ez nuen espero Shaw-engan alderdi ilunik topatzerik; baina, jakina, badu. George Bernard Shaw, antzerki idazlea, kazetaria, kritikaria... eta arrazista amorratua. Beste batzuekin batera, eta ez nolanahikoak -Theodore Roosewelt, Winston Churchill, Alexander Graham Bell (telefonoaren asmatzailea), H.G. Wells idazlea...- eugenesiaren alde agertu zen; eugenesia gizakiari aplikatzearen alde, alegia. Eugenesia, hitz bitan esanda, zenbait giza talderi –juduak, beltzak, adimen urrikoak, gaizkileak, txiroak...- ugaltzea debekatzean datza. Horretarako, milioika pertsona antzutu, esterilizatu, behar zituztela ondorioztatu zuten. Horrelaxe bakarrik salbatuko zen giza arraza, George Bernard Shaw eta bere lagun famatuen iritziz.

Eta pentsatzen jarrita, pentsatzen dut George Bernard Shaw hark ez zuela kontuan izan, hain zuzen ere, berak esandako zerbait: “Eskarmentuak erakusten digu gizonak ez duela eskarmentutik ikasten” .

P.S.: Konturatzen naiz ez dudala loteriaz hitzegin baina zer egingo zaio, halakoa naiz eta halako pentsakera sakabanatua du nire neurona –lanpetu- bakarrak.

2. P.S.: Esanak esan, zortea opa dizuet loteriaren zozketan.

3. P.S.: Zortea neure buruari ere opa diodanez, aditz berria asmatuko dut: Nik guri zortea opa digut.

2005-12-07

Errealitateak begien aurrean eztanda.

Tentazioa izaten dugu batzuetan pentsatzeko gauzak, gertakariak, mekanismo ezkutu batez elkar lotuta daudela, ikusten ez ditugun hari ilunen bitartez bat egiten dutela geure begi harrituen aurrean pausatu arte. Baina ez da horrela, gertakarien arteko loturak geuk egiten ditugu geure ideologia, aurrejuzku eta, batez ere, espero dugunaren arabera.
Hau guztia erabili dut buruan ondoko gertakariok zergatik lotu ditudan jakin nahian:

* Zapinaren zapinez Canal Euskadin lur hartu dut, Txetxu Ugalderen saioan, Jon Arretxe ikusi dudalako “Kleopatra” bere azken liburua aurkezten. Jonek “Cleopatra” Galdakao eta Basauri artean zegoen putetxe megakutrea zela argitu duenez, ea putetxeekiko afizio berezirik duen galdetu diote (je, je, je) Joni, eta ea berarekin bizi den neskak afizio horren berri duen ere galdetu diote (ji, ji, ji). Jonen ezkerrean zegoen vanessaren txanda izan denean etorri da onena:

-Estoooo, tú escribes en euskera, verdad? No te has planteado nunca, no sé... escribir, no sé... en castellano? No sé... tendrías como más audiencia, no?


* Oraindik ere zeharo harritzen naizelako zeharo harrituta, ordenagailura joan eta berri honek salto egin dit begietara. Beste leku batean irakurri dut:

“Entonces la enfermera se puso a dar gritos al ver lo que había en el suelo. Y yo lo que hice fue irme a la enfermera a intentar que dejara de gritar, pero no le hice nada, ahí está viva, lo puede contar. No le hice ningún daño, simplemente le intentaba sujetar, taparle la boca para que no gritara y en esto pues con el ruido de la pistola y los gritos salió... pero yo no le vi porque estaba de espaldas y le escucho los disparos que hizo Luis, no sé cuántos,pero bastantes, ocho o diez disparos tranquilamente.”
“Entonces yo me volví y estaba en suelo, este señor estaba muerto. Entonces dejó degritar y bueno ya estaba hecho y Luis vi que ya se iba.”

Gogoratzen dut 1984ko azaroaren 20 hura. Klasean geunden, Jon Kortazarrek eman zigun albistea: Gaur ez da aingeruen sexuaz hitz egiteko egun bat, esan zuen.


* Beste berri hau ere irakurri dut, Wafa etorri zait burura, eta euskaldunok ez ote garen hagiografietara lar zaletu aspaldion.


Ezin ditut ikusi hiru gertakari hauek lotzen dituzten hari ezkutuak; hori dela eta erabaki dut lotura nik neuk egin dudala neure ideologia, aurrejuzku eta espero dudanaren arabera. Asmatu ezinik nabil, ordea, zehazki zer dela eta lotu ditudan.

2005-12-03

Estilo kontua

Estilo landua:

Diru laguntzak. Esan nahi baita, diruzkoak eta esan nahi baita laguntzak. Eta hiztegiak -euskaraz nahikoa argi geratzen ez bada- halaxe erdaratzen dituenak: ayuda, auxilio, asistencia, colaboración, apoyo; hau guztia burutzen du laguntza ematen duenak. Dena delakoari benetan ordezkatzen duena baino laguntza handiagoa helarazten badiozu, adierazten ari zara estimua, sostengua, laguntasuna... eta kasuren batean sorospena ere baliteke. Eta aurreko honetatik ondoriozta badaiteke ere, komeni da argitzea halakori gizartean islatzen duen baino gutxiago esleitzen badiozu, adierazten ari zarela, argiro, bere egitasmoak ez duela beste harenak beste balio.
Azkenik, baliteke baten batzuei duten garrantziagatik baino beste arrazoi ilunagoengatik gainlaguntza moduko bat esleitzea.
Eta kasualitatea ere izango da (ez nuke nahi uler dezazuen nahita egiten dutela) baina euskara mordoilo pluriakastuna erabiltzen duten batzuek zati handia hartzen dute dirulaguntza horietatik; nire, zure, gure dirutik, aizue.

Estilo landu gabea (bastante primitiboa):

Aber: Zelan ostia emon ahal dotzie Vocentoko gaurkoempresa.com fantasma horreri sustatu.com-eri baino gehiau? Eta Aldaketa16ri? Zelan emon ahal dotzie ARGIARI emoten dotzien erdia baino gehiau, darabillen euskera mokordo horregaz, eta ganera zuzendariak berak ezin badau aitu bere aldizkari horretan publiketan dana?
Esplikau beharko dostie, ze nire diruagaz dabiz.

Laburbilduz, adibide bat (inongo estilorik behar ez duena):

Vocento Mediatrader, S.L. ___www.gaurkoempresa.com 61, 28 ___7.586
Codesyntax, S.L. __________Sustatu.com 87,45 ____________6.370

(hasperena)

Egun ona izan baduzu, sakatu hemen, hemen eta hemen; pasatuko zaizu.