Baga, biga, bloga!

Jozulinen begitantziñoak

2005-06-29

Holakorik!

Hara zer gertatu zaidan. Nire azken mezua blogera igo eta gutxira sartu naiz berriro aldaketa txiki bat egitera eta hara non, erantzun bat. Ilusioa egiten digute erantzunek eta zabaldu egin dut. Irakurtzen hasi eta... Scott A. McMillan delako batek galdetzen dit ea *Seychelles-etan ze hizkuntzatan mintzatzen diren: “What language do they speak in the Seychelles?”. Orain konturatu naiz soslaian, delako **my profile horretan Seychelles-etan kokatu nuela nire herria (nahi bai). Kontua da Scott A. McMillan laguna, Californiako La Mesakoa (mahaia seychelleraz), flipauta geratu dela gure hizkuntzarekin eta nik ingelesez –nahikoa- ez dakidanez ezin diot eman gure herri eta hizkuntzaren berri. Ondo legoke, esaterako, honelako zerbait?:

“I do not live in the Seychelles, I live in Galdakao, it was a joke. I am basque, from the Basque Country. Thanks for visiting my blog”.

Itzultzaileok, anglofilook, lagundu!



(*) Eta Micronesian zer hizkuntza dute?
(**) Soslaian Fashion sektorean lan egiten dudala ere jarri nuen. Norena izango da hurrengo erantzuna?

Non gauden

Soziologoek harrikatu egingo naute beharbada, baina edozein euskotermometro bainoago neure ikasleez fidatzen naiz gure hizkuntzaren egoeraz hausnarrean nabilenean. Aurreko batean -izan zen perpausa, ekarri zuen solasak- euskal komunikabideez ari ginela eskatu nien ea zenbat hedabide ezagutzen zituzten euskaraz goitik behera. Taldetan jarri nituen eta han ibili ziren, ketan garunak, baten bat atera arte. Honakoak ondorioak:


  • Teleberri izena ezagutzen dute, Gaur egun, ordea, ez. Ez dute ikusten…
  • Gara eta Deia euskaraz direla uste dute batzuek (askotxok).
  • Euskarazko irrati moduan burura datorkien bakarra Euskadi Gaztea da. Batek aipatu du Euskadi Irratia eta besteek esan dute: A, bai!
  • Albiste webgunerik ez dute ezagutzen, bat ere ez. Ez dakite blog bat zer den.
  • Aldizkariak, nekez aipatu dituzte HABE eta aizu!, baina ARGIA, Elhuyar eta abar, direnik ere ez (eta hori inoiz eraman dizkiedala klasera…)
  • Egunero argitaratzen direnen artean, batek ez du ba Egunkaria aipatu? Ba bai, entzuten –irakurtzen- ari zaren moduan, batek Egunkaria esan du. Eskerrak beste batek erantzun dion: -Ez, hori ja ez dago; orain beste bat da, Berria edo holan...


Txistea amaierarako utzi dut. Batek Ipurbeltz eta Gaztetxulo aldizkarien izenak nahastu eta “Ipurtzulo” aldizkaria erosi ei zuen behin...

Beraz, horrela gaude, lagunok. Horrelakoak dira gauzak eta horrelaxe kontatu dizkizuet.

Eta hauek euskara ikasten dutenak dira, ikasten urteak daramatzatenak. Ikasten ez dutenak...atera kontuak!

2005-06-26

Txipli txapla (II)

Zertan ginen? A, bai, jende interesgarria dagoela pistinetan. Aipatzen nizuen handikote beltzarana. Mediku itxura hartzen diot, edo bestela ertzainarena; dena dela, ez fidatu, aspaldion denak iruditzen zaizkit ertzainak.

Bikote bat daukat aurrean orain. Gizon bat eta emakume bat, bi pertsona esan nahi dut, ez baitut uste bikote direnik. Hizketan ari dira eta igerilekurantz begiratzen dute noizean behin umeren bat zaintzen egongo bailiren, baina ez, ez da hori. Eta zelan dakit nik ez direla bikotea? Ez ditut entzuten eta ikustearekin bakarrik esango nuke aspalditik direla ezagunak. Gainera, neskari mutila gustatzen zaio, aurpegian nabaritzen zaio poztu egin duela aspaldiko laguna aurkitu izanak, eta hitzegiten dio mutilari emeek bakarrik dakiten modu horretan, eta mutilari ere hasi zaio begitartea alaitzen, pentsatuz bezala: “Hemen plana jagok, hi!”. Baina, ka!, ez dago planik. Emakumeak hasi du agurtzeko errituala eta besoa ikutu dio mutilari, aldi berean laztanduz eta distantzia jarriz, esanez bezala agurra bai baina musurik ez. Mutilak ere atzerantz egin du eta irribarrez biak, agur esan diote elkarri gezurrak esaten, badakizue, ea hurrengo baten geratzen garen denbora gehiagogaz…eta hori guztia.

Bikotea egon den lekutik hamar hamabost metrora edo bada morroi bat kuaderno txiki bat betetzen, eguzki betaurreko batzuen atzean ezkutatuta…


2005-06-23

Txipli txapla! (I)

Heldu da uda eta, arrastaka bada ere, ekarri naute igerilekura. Lepo dago. Aurten, baina, topatu dut zeregina familia uretan edo eguzkia hartzen dagoen bitartean: Idatzi!

Degustazioetan ezezik igerilekuetan ere egoten da jende interesgarria (udako igerilekuetan; neguko igerilekuetan jendeak ez duelako inor agurtzen eta ulertzen dut, ze, klaro, betaurreko, txano, txankla eta braganautikarekin ea nork agurtzen duen goiko pisuko neska ederra, adibidez).

Ba hori, jende interesgarria dagoela, aurrean daukadan gizona, esaterako: Gizon-gizona da, inondik ere, altua, lodia, iletsua, burusoila, sorbalda zabalekoa, dagoeneko beltzarana eta gizon “pose”a ederto jartzen dakiena. Esango nuke, gainera, igerileku kontuetan aditua ere badela, ze seme biek eskatzen dioten edozer ateratzen baitu motxila –markako- batetik. Adibidez –markako- bainujantzia eta –markako- txankletak aldatzeko.

Ahots batek birarazi dit burua: - Juan, anda, dale la pelota a Ignacio! Juan eta Ignacio ez dira 7 urtera helduko... enpin! jamaika entzuteko ere jaio ginen.

Deika dauzkat seme-alabak. Uretara noa. Dzanga!

2005-06-21

Txanpa galtzen ari gara (eta III, azken sermoia)

Eta gizartean ere txanpa galtzen hasi gara:


  • Galtzen ari gara EBPN ez delako inoiz benetan aurrera eramango EAEko ezein herritan, ez zutelako horretarako sortu, asmatu zuenak Kontseiluaren ekinbideak gelditzeko asmatu zuelako, besteak beste.
  • Galtzen ari gara euskarazko aldizkariei dirua banatzen zaienean Aldaketa16 (ez diot linka jarri nahi) bezalako aldizkari fantasmagorikoari ematen diotenean ARGIAri ematen diotenaren dirulaguntzaren ia erdia. Horrek esan nahi du ARGIAk duen garrantziaren erdia duela? Kar, kar, kar, zatitzen naiz! (me parto). Eta azken hau ez bazaizue euskara zuzena iruditzen, Aldaketa16 aldizkarian, ekainaren 6ko dataz, irakurri berri dut honakoa: “ Eta hori Diputatuen Kongresuak ETAk armak utziz gero dialogora ateak irekiko zizkion mozioa onartu eta egun gutxitara gertatu da”. Kaka egiten digute burutik behera.
  • Galtzen ari gara Lehendakariak lehendakari izateko (soilik?) ikasten duelako euskara. Lehendakari izan nahi duenak orain bi hilabete esan ditu (lotsagarriki irakurri ditu) bere lehen hitzak euskaraz Lehendakari izan nahi duelako bakarrik. Sailburu batek –lau urtez sailburu izandako batek- dio hauteskunde kanpainan bi urte barru euskaraz egiteko gai izango dela. Gero dioenak...
  • Eta galtzen ari gara hainbeste urteren ondoren oraindik ez dugulako Hizkunz Politika Nazionalik eta denok, neugandik hasita, EAEzentrismoak jota bizi garelako.

Ederra pazientzia daukazuna! Honaino heldu bazara, aspaldian ni bezain demagogo zabiltzala seinale. Eman zure iritzia, eta emaidazu egurra merezi badut.
Amén.

2005-06-20

Mina

Eguna gaizki hasi da. Goizean deitu dizu nagusiak igande osoan zaintza lanak egiteko eraikin huts eta blindatu batean. Kokoteraino zaude askotan egin dizulako gauza bera eta igandea eguzkitan gozo igarotzeko plana zeneukan, agian. Amorrua apartzen zaizu eta erraietaik gorantz sentitzen duzu. Ikusiko du. Egingo didan azkena izango da, lantokira heldu zara. Arma, tiro, pun!
Ezin duzu sinestu egin duzuna. Zerraldo dago nagusia zure aurrean. Zer egin dezakezu? Aurpegia desitxuratu egiten diozu, horrela ez dute ezagutuko, sutearen ondoren aurkitzen dutenean. Nazka ematen dizu odolak. Ezin izan diozu bala atera. Nola estali egindakoa? Sua.
Bazoaz. Ihes egiten ari zara; ez daukazu nora joan, ordea. Desesperazioaren harra hasi zaizu barrutik: “Zer egin duzu? Gartzela baino ez duzu aurretik... Ohorerik gabeko gartzela... Gorrotatu egingo zaitu jendeak, lagunek, familiak...” Zer egin?
Inork, inoiz, ezer galdetuko ez dizun lekura zoaz. Paperean idatzi duzu dena. Arma, tiro, pun!

2005-06-15

Irla bakartirako liburuak

Sarritan galdetuko zizueten zein liburu eramango zenituzketen zorioneko irla bakartira, Topikoetako irla horretara. Nik honelako zerrenda egin dut:


Abortatzen (Jose Basarri Onaindia)

Kutsidazu potota, Ixabel (Joxean Belarrizabal)

Gerturik daukagu tortola (Joxean Belarrizabal)

Hontzak hiltzeko bidea (Juan de Tortas)

Lur bat kaskarrago (Joan Mari Foulardgehien)

Ni ez naiz lehengoa (Jose Basarri Onaindia)

Hamaika lauso (Ramon Gasteizbitoria)

O, barbakoak! (Atxardo Bernaga)

Bardulo (Atxardo Bernaga)

Garroa (Domingo Arregi)

Herabearen burusia (Xabier Eliguren Mendizegi)

Joan eta Anek erretzeari utzi diote
(Ibon Karakola)

Konpainia doblean (Andu Letxugi)

Han goitik ez dok ostirik bez ikusten (Giulianno Gavirianno)

Ulezko triangelua (Juan Artetxe)

Van Gogh-en hilea (Unai Belarriaga)

Bero (Non aditzera ematen den larrua jotzeko zenbat aukera galtzen dugun luzamendutan ibiltzeagatik) (Petro Agarre)


Eta zuek baduzue liburu kutunik irlara eramateko?

2005-06-14

Txanpa galtzen ari gara (II. sermoia)

Euskaltegietan ere indarra galdu dugu:


· Ez goaz gorantz, ez digutelako uzten. Eusko Jaurlaritzaren diru politikak eskuak lotuta uzten ditu euskaltegiak, publikoak kortse estu baten barruan nekez iraunaraziz, arnasa ezin hartu, eta pribatuak bananduz: lagunak eta gainerakoak. Lagunei ogi papur gutxi batzuk eskainiz eta besteei hori ere ez.

· Gaur egun Euskal Herriko txoko honetan, El Correo Español erosi eta basko normala zaren bitartean, demagun Berria, demagun Argia besapean eramanda susmagarria zara, arazo bila zabiltza. Nola esango diezu ikasleei Berria erosteko El Correon adibidez irakurtzen badute Martxelo Otamendi ezin dela “España”tik irten, edo deklaratzera deitu dutela Audiencia Nacionalera. Ez lagunok, ikasleak ez dira, ez superman, ez superwoman, ikasleek ez dute nahi arraro begira diezaieten lagunartean, familian... Ahaztu ditzagun betiko ikaslea = militantea zeneko garaiak.

· Gauzak, hala da, erabat aldatu dira eta gaur egun jada ez da ligatzen euskaltegietan. Egun ez dago Euskal-poteorik, ez afaririk ostiraletan eta sarritan, sinistu ezazue, idazle bat (edo beste norbait) euskaltegira ekarri hitzaldia ematera eta ikasleek alde egiten dute etxera “Orduan gaur ez dugu ezer emango, ezta?” esanez.

· Zer egin diogu (edo zer ez diogu egin) maisu bati edo funtzionario bati edo ertzain bati, euskaldundu ondoren ez badauka inorekin ere euskaraz aritzeko gogorik ikasgelatik kanpo? Horrela, egoera bitxiak sortzen dira: euskaltegian oso “jatorra” den ertzainak zakar erantzuten dio euskaraz zuzentzen zaion herritarrari edo bere lana euskaraz betetzen duen maisu / andereñoak bere seme-alabekin erdaraz ari da beti... Zertan egin dugu huts?

2005-06-10

Selektibitatea

Nahikariren post-a irakurtzen nagoela hasi naiz gogoratzen nola egin nuen nik selektibitatea. Eta suspenserik izan ez dezazuen aurretik esango dizuet ez nuela gainditu. Gehiago esango dizuet, lehenengo eguneko azterketen ondoren Barrenkaleko taberna guztiak bisitatu genituen behin baino gehiagotan, tabernariekin harremanak sakontze aldera. Gauez itzuli ginen etxera zortzi gazte –zortzi!- orduko Seat 850 ñimiño haietako batean, granate kolorekoa. Gehiago esango dizuet, Policía Nacional-ak jarritako kontrola pasatu genuen, gelditu gabe, eta gutariko bat besoa lehiatilatik aterata panderoa jotzen. Sinestu. Gehiago esango dizuet, zortzi haietako bat ertzaina da, bizkartzaina hain zuzen, eta beste bat organitationeko “número uno” izatera iritsi omen zen; “de la cúpula”, alegia. Azken hau neure ondoan suertatu zen bigarren eguneko azterketetan eta txahalak botako zituela esaten pasatu zuen azterketa guztia. Nik ez nion kasu handirik egin, entzundako hitzaldia idazteko unean ...lokartu bainintzen.

Enpin! Selektibitatea penkatuta ere bizirik jarraitu genuen eta hemen gaude. Bizkartzaina ere hortik dabil bizkarren bat edo beste zaintzen. Eta bestea... bestea Frantziako espetxe batean, egonean.

Eta zuek? Zelako selektibitatea izan zenuten?

2005-06-08

Txanpa galtzen ari gara (I)

Perzepzio sotil bat da. Datu solte eta leku askotakoek esaten didate, edo hori entzun uste dut. Euskararen aldeko jarrerak, euskaltzaletasunak -deitu nahi duzuen bezala- goia jo du eta apurka-apurka hasiera batean baina, beheranzko joera hartu du.

Euskarak, *eskola publikoan, indarra galdu du:

· Gurasoekin egiten diren eskolako bilerak euskaraz eta erdaraz izaten ziren lehen. Orain, sarrera liturjiko bat euskaraz eta erdarara jotzen da bestela luzatuko ginatekeelako, eta klaro, ordu honetan denok gaude nekatuta, eta...

· Eskolako patioan umeak erdara hutsean -huts-hutsean diot- ari dira eta zaintzaile eta maisu-andereñoek ez diete euskaraz egin dezatela esaten, euskaraz egiteko “agindua” ikasgelara mugatzen baita. Gogoratzen duzue Tele 5-n eman zuten “El Mundo Televisión-en dokumental hura? Ikastola baten barruan sartu ziren kazetariak eta ume batek esaten zien ez zietela erdaraz egiten uzten. Iruditzen zait inor ez dela agertu nahi ezeren debekatzaile. Sartu digute buruan, gure galtzaile buruan, Ikastetxe Alemanean behartu ditzaketela umeak alemanez bakarrik hitzegitera, baina guk ezin dugula berdin egin. Sartu digute buruan, gure buru akonplejatuan, hori "nazionalista-excluyente-etnicista" dela eta ez "multicultural-global-supermegamoderno". Gogoratzen duzue uda hartako berriaz, udalekukoaz, nola ume bat behartu omen zuten harriz betetako motxila eramatera erdaraz egitearren? Gaurko eskola publikoko maisu-maistrek ez dute horrela agertu nahi, indarra galdu dute. Ulertu behar ditugu.


Ez ezazue pentsatu irakasleak begitan hartu ditudala. Ondo dakit nik zer den egun osoan “Egizue euskaraz” esaka pasatzea.

(*) Eskola publikoaz ari naiz ikastoletan zer dagoen ez dakidalako, zehatzago, nire neure hurbilekoen eskolaz.

2005-06-03

Konflikto-az

Aurreko batean Patxi Gaztelumendi kexu zen Marinelak egiten zion elkarrizketa batean. Harritu egiten zen Patxi nolatan euskal blogosferan ez zen egon Otegiren atxilotzearen inguruko aipamenik. Ni ez nintzen harritu, guztiz harritu esan nahi dut. Izan ere zer (berri) esan daiteke horrelakoetan? Ze, klaro, ez gara hasiko “A ze injustizia!”, “Ez dago eskubiderik” eta horrelakoak esaten...
Aitortu behar dut, ordea, My dear Josu Jonen adierazpen batzuk komentatzekotan izan nintzela:

"¿Alguien cree que a un dirigente de ETA se le pueden poner 400.000 euros de fianza para salir a la calle al día siguiente?".


Azkenean ez nuen “tonu” egokia aurkitu eta alde batera utzi nuen idatzitakoa.
Baina onartu egingo dut Patxiren desafioa eta “konflikto”az hitzegingo dut. Hobeto esanda, bete bati emango diot hitza. Aholkuak dira, behar litzanak har bitza:


· Gerrako antze osoa engainuan oinarrituta dago.

· Beraz, gauza zarenean, egizu ezgauzarena; ekintzakor zaudenean, geldoarena.

· Hurbil zarenean, urrun zarela sinestarazi, eta hurbil zarela urrun zarenean.

· Zaindu eta tratu ona emaiezu presoei.

· Kopuruz ttikiagoa bazara, erretiratzeko gauza izan behar duzu.

· Puntu guztietan desabantaila baduzu, puntuoi itzurtzeko gauza izanen zara, armada ttiki bat boteretsuago den beste batentzat harrapakin erreza baita.

· Bere tropak, helburu amankomun baten atzean, baturik dituena garailea izanen da.

· Guduka zaitez maldaren aldera; ez eraso aldapen gora.

· Etsaiak aldez aurretiko negoziaketarik gabeko tregoa bat eskatzen badu, zerbait darabil asmaketan.


Li Tx’uan-ek erantsiak:

· Ez ezazue asasinatzea susta
· Armak zorigaiztoko erremintak dira


Gerraren antzea, Sun Tzu



Jozulinek argi baino argiago, eta behialako errekastoen ura bezain garden utzi nahi du hemen gainean aipatutako liburutik hartutako iritziak, delako Sun Tzu-renak baino ez direla eta, beraz, iritzion gaineko erantzukizunak eskatzekotan, Sun Tzu-ri berari edo bestela Li Tx’uan izenekoari eskatu beharko litzaizkiekeela (harrapatzekotan, jakina).

2005-06-01

Kulturaniztasunaz zeozer

Julenen post, beti bezala, interesgarri baten harira, ekarri zuen solasak, izan zen perpausa, gure mendebalde aberats honetan “beste”en kulturei diegun begirunea, edo begirunerik eza.
Begitantziño batzuk ekarri nahi nituzke honetaz arin batean bada ere, gauzak arean argitzeko gogoz geratu bainintzen orduan.
Atsegin handiz, jakingose osoz eta begirune zintzoaz jakin nahi nuke guretzat diren bizimodu urrunez; esaterako, maasaiek duten ganaduen odolaz elikatzeko ohituraz edo gaur egun iraungitzear dauden Ameriketako indioen antzinako kosmogoniaz. Ohitura ezezagun eta horregatik xelebreen artean, baina, egon daitezke ezkutatuta, nola esan, bestelako usadio baztertzaile, gaizto, duintasunaren aurkakoak. Berdin-berdin dit Estatu Batuen hegoaldean oraindik ere beltzekin egiten duten bereizkeria edo Afghanistanen emakumeak kalera goitik behera estalita joan behar badira. Ez dut horienganako jakinminik, mesprezu sakon-sakona azaleratzen zait. Eta errespetua galtzen diot delako kultura, ohitura edo legeari.
Gauzak argiago uzteko, berdin lidake Ipar Ameriketan heriotz zigorraren aldeko baten kasuan zein Afrikan emakumeei ume-umetatik klitorisa erauztearen aldeko pertsona batekin, hauei pertsona deitzea ere gehiegi den arren.
Ederrak dira oso hutsean biraka dabilen harribola honetan bizi garen bakoitzak inguruan daukaguna ulertzeko saio guztiak, bizidun guztiak ere kontuan hartzen ditugunean.
Bide batez, eta maasaiak aipatu ditugunez, jakin nahi duzue nola esaten dioten maasaiek martitz planetari? Ba, honela: “oloho otii ang'ata lememanyai”. Eta hemen klik eginez gero, entzun ere egingo duzu. Ederra hizkuntza maasaiena.