Baga, biga, bloga!

Jozulinen begitantziñoak

2005-10-26

Aliterazioak

Erdaraz alfabetatuak garenok beti gogoratuko dugu aliterazioaren adibide moduan ipintzen ziguten hura: "En el silencio sólo se escuchaba un susurro de abejas que sonaba" Garcilaso delako batena.

Urteak geroago deskubritu nuen euskaraz ere bazeudela halakoak eta oraindik ez dut deskubritu (gauza asko ez ditut oraindik deskubritu) honakoa baino aliterazio perfektuagorik:

...Done Santuru oro lore koroa batekin...


Uru, oro, ore, oro, ikaragarria. Gainera, aliterazio sinestesikoa ere badela esango nuke nik (*): Ez dituzue ikusten kOrOa bOrObilak?


Hemen duzue olerkia osorik. Disfruta ezazue, Done Santuru egunaren inguru honetan, Gabrielen poesiaz... eta ironiaz ere bai:

Hiltzen naizenean egonen da
nire lauzaren gainean eskribu hau:
Hemen datza Gabriel Aresti Segurola. Goian bego.
Pérez y López. Marmolistas. Derio.
Bizkaiko Bibliotekan ere egonen da
(deskomekatzen ezpanaute),
liburu bat (behar-bada, ezta seguru),
inork letuko eztuena,
nire izenarekin. Eta
gizon batek esanen du kardanberak loratzen
direnean:
Nire aitak esaten zuen bezala, nik ere. . .
(Andre bat etorriko zait Done Santuru oro
lore koroa batekin).
Jainkoak eztezala nahi Bilboko karrika bati
nire izenik eman dezaiotela.
(Eztut nahi bizargile hordi batek esan dezala:
Ni Arestin bizi naiz, anaiaren
koinatu nagusiarekin. Badakizu. Maingua.)
Batzutan esan zaharrak erratzen dira.
Pentsatzen dut nire izena
nire izana dela,
eta eznaizela ezer ezpada
nire izena.

(*) Jozulin literatur aditua. Hamaika ikusteko jaio zarete!

2005-10-24

Nik, ezjakin honek,

    • ez dakit zer ardura zaigun zerri batek erahildako azkenaurreko emakumeak zer afaldu zuen;
    • ez dakit erahilketa horrengatik atxilotu dutenaren argazkia eta izen abizenak zertan erakutsi behar dizkiguten, epaitu baino lehenago;
    • ez dakit kazetariak omenka ibiltzea bidezkoa den, ziurra ez den horrek berez oinaze bizian dagoenari min handiagoa eragingo diola jakinik;
    • ez dakit omenka dabilen kazetariari zer irudituko litzaiokeen milaka entzuleren aurrean senide batek esan izan balu, adibidez: “se da, al parecer, la circunstancia de que cierto periodista...”
    • ez dakit zertan haizatu behar diren zehaztasun batzuk, guri zer ardura digu zenbat labankada?
    • ez dut ulertzen zer garrantzi izan dezakeen berria ematen lehena izateak, honelako berrietan behintzat;
    • ez dakit zergatik iruditzen zaigun normala familiak prentsaurrekoak ematea;
    • ez dakit zer egiten duten agintari politikoak prentsaurreko horien lehen lerroan;
    • ez dakit “secreto de sumario” ganoraz euskaratzen, baina ulertzen dut dena delako sekretu hori haustea -adibidez ertzain batek, adibidez kazetari bati- delitua izan beharko litzatekeela;
    • ez dakit delitu horren zantzuak ikertzen inor hasi den.

    Ez dakit zergatik batzuetan denok ere jausten garen morboaren zurrunbilo ilunean...

    2005-10-23

    Haiku kaiku (III)


    Guk ez dugu

    jaiolekua

    aukeratzen.

    Hala izan da beti.

    2005-10-18

    Euskaltzaindiari, maitasunez

    Andere (eta Jaun) txit goren, argi, zoli eta bizkor horiek, agur.

    Ikusirik azken egunotan blogari / bloglari hitzen inguruan sortu iskanbila, zalaparta eta kalapita, eta kontuan harturik batzuk behintzat egunero-eguneroko hitza dugula arestian aipatua, honakoa eskatzera ausartzen da blogari ezdeus hau:



    -Argitzen zaituzten jakinduriak lagun, eman dezazuela erabakia ahalik eta lasterren, blogak boladan egoteari utzi baino lehen, ahal dela.

    -Eta bide batez azter ditzazuela blogari apal honek proposatzen dizkizuen hitz berriok, laster blogari askoren ahotan (teklatuetan) izango baitira:


    • Blogura / blogalea: Ahalik eta arinen blogean zerbait idazteko irrika saihetsezina.
    • Blogkuluxka: Bazkalostean idatzitako mezu laburra.
    • Blog egin: Ondo blog egin! Opatzen diogu elkarri blogariok.
    • Blogalizazioa: Blogen fenomenoa lurbira osora hedatzea.
    • Blogotipoa: Zenbait blogen goiko aldean ager daitekeen irudia. Esaterako: jirafa bat, paper bolaz betetako plater bat, morroi bat neska bat musukatzen...
    • Blogeria: Blogean tai gabe idaztera bultzatzen duen eritasuna.
    • Blogopedia: Blogetan idazteko orduan egiten diren akatsen zuzenketa sistematikoa.
    • Blogoterapia: Esan nahi duzuna esateko balio duen sendagaia. Psikoanalisia baino erruz eragingarriagoa eta, batez ere, askoz merkeagoa.
    • Blogezina: Testu editorearen lauki zuriaren aurrean jarri eta ezer ganorazkorik burura etorri ez idazteko.
    • Blogopatia: Beste blogariak zeri buruz idatziko duten asmatzea beren mezuak irakurri baino lehen.
    • Blogofilia: Idazten ari den bitartean hemen esan ezin daitezkeen zerrikeriak egitea.
    • Blogofobia: Blog hitza entzutean bekainak altxatu eta Bah! esaten dutenena.
    • Blogorrea: Baten faltan, bi edo hiru blogetan idaztea.
    • Blogologia: Blogean blogen gainean jardutea.
    • Metabloglogia: Blogean blogen gainean jardutearen gainean jardutea.

    Aurrekoak kontuan izango dituzuelakoan, eta zuen erabakia irrikaz espero dugularik,

    Etxepareren,

    Leizarragaren eta

    Agerre Azpilkuetaren izenean,

    Amen.

    Izan funtsa!


    Jozulin

    2005-10-14

    La amatxu

    Irakur ezazue nirekin eta azkenean galderatxoa egingo dizuet. Azpimarrak nireak dira:

    Miles de personas se dieron cita ayer a la tarde...”

    “...tradicional Salve de los txikiteros...”

    “...la amatxu de Begoña...”

    “...se llevó a cabo en medio de un gran fervor y respeto popular.”

    Fervor y devoción se fundieron ayer...”

    Honatx galdera:

    Zein egunkaritatik aterata daude esaldiok?

    a) El Correo Español.

    b) DEIA

    c) Gara

    Erantzuna ez da ez a) ez b), beraz badakizue zein den. Ai ezkerra, ezkerra... Zer hintzen eta non hago? Eskerrak artikulua ez duen gure J.M.-k sinatu, sikieran ;-)

    2005-10-11

    Gu hispanizatuok...

    ...indarrez hispanizatu gintuztela esan ohi da baina uste dut indarrez ezezik, barrez ere hispanizatu, espainoldu, gintuztela ze, espainol-espainolak ginen “Un, dos, tres, responda otra vez” zuri beltz hartako umoregile espainolekin (Don Cicuta, Bigote Arrocet...) barre egiten genuenean; espainolak ginen Martes Y Trece-ren enpanadillekin tragatu beharrean barre egiten genuenean eta Chiquito de la Calzadarekin barre egiten dugunean ere espainolak gara, nahiz eta “Vaya Semanita”-rekin barre egiten dugunean apur bat vascotu egiten garen, nolabait esatearren.

    Barre egiten dugunean espainol garen hauek euskaldun bihurtzeko aurrekari duinak egon egon dira telebistan, gutxi baina: “Hau da A,U.”, “Bi eta Bat”, “Egi bidean” (azken hau beste estilo batean, hori bai...). Nago, ordea, aspaldion benetan euskaldun egiten gaituena pilota partidan Joxean Tolosa (benetakoa) entzuten dugunean barrez lehertzea dela, edo Dolox topatzea okindegian, edo Arregitaretako Elo senarrari “moxoloooo!” deitzen entzutea, edo “trokola, erradiadorea ta juntakulata” aldatu behar dituela esatea lagunari... Enpin, ematen dit topatu dugula azkenean euskaldunok gure-geure imajinarioa; gure bestiarioa, bestela esanda. Earki gatxink!

    2005-10-06

    Subjektuak

    Denbora izango da hainbaten irakurri nuela palestinarren arazo nagusia honakoa zela, esaldi guztien subjektua zirela. “Suizida palestinar batek hamar israeldar hil ditu autobus geltokian soinean zeraman bonba zartarazita” esaldian argi dago palestinarrak izan behar lukeela, logikaz, subjektua. Kontua da, palestinarrek subjektu izaten jarraitzen zutela honelako esaldietan ere: “Sei palestinar hil dira Israelek jaurtikitako misilen ondorioz”. Kasu bietan -kasu guztietan, egia esan- subjektua palestinarrak dira entzule oharkabearengan sentsazio nahasia sortuz. Palestinarrek hiltzen dute, palestinarrak hiltzen dira; ondorioz, arazoa palestinarrak dira. Eta zuk eta biok badakigu ez dela horrela, dakigun bezala medioetako estilo liburuek erabakitzen dituztela esaldien (esan dezagun esaldi gatazkatsuen) subjektuak.

    Hau guztia datorkit burura oraintxe bertan biharko egunkarien edizio elektronikoak birpasatzean:

    Berria:

    “Marokotik barrena Melilla Espainiako koloniara sartzeko ahalegina egiten ari zirela sei etorkin hil dira bart, Marokoko Barne Ministerioak jakinarazi duenez.”

    Gara:

    “Marokoko Barne ministerioak jakinarazi duenez, Saharaz hegoaldeko sei etorkin hil dira azken orduotan (ez dute gehiago zehaztu) Marokotik Melillara igaro nahian.”

    El Mundo:

    Seis inmigrantes subsaharianos han muerto, unos por heridas de bala y otros aplastados, durante uno de los intentos de asalto abortados esta madrugada en la frontera de Melilla”

    El Pais:

    Seis inmigrantes subsaharianos han muerto y otros 30 han resultado heridos en el más grave intento de salto a la valla fronteriza de Melilla registrado hasta ahora.”

    El Correo:

    Seis inmigrantes subsaharianos han muerto en enfrentamientos con las fuerzas de seguridad marroquíes al impedir un nuevo asalto a la valla fronteriza de Melilla (.....)Algunas de las víctimas murieron por disparos de bala y otras aplastadas por sus propios compatriotas.”



    Ikusten duzuenez subjektua beti berbera. Garaikurra ordea, beti bezala, nire kutunak darama, El Correo-k alegia. Biktima batzuk ez dakigu nork botatako “disparos de bala” direla kausa hil dira, baina beste batzuk aplastadas por sus propios compatriotas”. Esaldi honetan ere subjektua berbera da, bere herrikideak hil dituena, gainera. Hau mundu txakurra!

    2005-10-03

    Demagogic moment



    Horra hor goian Berriak gaur dakarren argazkia. Berau erabili dut umeei gaurko eklipsea zelakoa izan den azaltzeko. Atzo argazki klitxe zahar batzuk pilatu eta “betaurreko” bereziak prestatu genituen jolasketa ordua aprobetxatuz eguzkiak eskeiniko zigun ikuskizunari begiratzeko. Orain dela uda batzuetako eklipseari begiratzeko erabili genituenen antzekoak. Poz-pozik eraman dituzte umeek eskolara betaurreko bereziak (neuk ere eraman ditut batzuk lanera). Baina, lagunok, nik bakarrik erabili ahal izan ditut, umeei ez baitiete utzi eklipserik ikusten. Are gehiago, ez diete kalera ere irteten utzi, eskola barruan eduki dituzte. Iazko neguko elurteetan eskola barruan eduki zituzten jolastokira irten gabe, edurraz jolastu gabe. Demagogiko samarra irudi lezake, badakit, baina: Zertarako demontre bidaltzen ditugu umeak eskolara?


    2005-10-02

    Esan bazuten esan zuten. (II)

    Idiak bere natura edo pitxoa gogortua duenian zer egin behar den: Eritarzun hori gerthatzen zaionian, azki duzue malbariskak egostea buruarekin batean eta gero hartaz maiz phereka Idiaren natura eta hala laster suflaraziko dio bere pitxoa...

    (Mongongo Dasanza, 1692) (sic)

    Zelan nai-gura utsetan ta deseo bakarretan
    igaroten jakun denporea.

    (Añibarro)


    Malo: zazpi lagun eta hiru talo.

    (Anonymous Said)