Baga, biga, bloga!

Jozulinen begitantziñoak

2005-09-29

Begira sorlekuari

Zertan da neure herria, dio Super Ordorikak abesti honetan. Irakurri bitartean entzun dezakezu.

Begira diezaiogun bada, ez Superren herriari ezpada neureari, ia 30.000 biztanle.

Neure herrian:

  • Ez dago alde zaharrik. Etxe zahar guztiak, Udaletxea, Eskola eta Udaltzainen etxea salbu, eraitsi egin zituzten eraikin garaiak, erosoak, garestiak eta berriak egiteko.
  • Ez dago ezki zaharrik, abestian bezala; are gehiago, zuhaitz zaharrik ere ez dago, etxeak egiteko bota zituzten zuhaitz edadetuak. Hori bai, zaharrak bota ondoren zuhaitz berri txikiak landatu zituzten. Eta jakin ezazue txiki jarraituko dutela egiten dizkieten inausketa beldurgarriak direla eta. Inauste garaian badatoz arbolazainak, motozerra (*) piztu... eta esango nuke zuhaitzak eurak ere ikusi ditudala dar-dar beldurraren beldurrez. Ondorioa: zuhaitz txiki kikilduak. Nola haziko dira, ba, motozerraren prespektiba horrekin?
  • Ez dago errekarik (Ibai Zabala dago, baina). Herriaren erditik pasatzen ziren errekasto eta erretenak lurperatu egin zituzten gainean kaleak, garajeak eta etxeak eraikitzeko.
Eta abar, eta abar, eta abar...
Oi aurrerabidean

Hainbat gauza bazterrera bota.

Kaltzadak, zuhaitzak, etxeak,

Neure bidean zeudenak.”

Bihotz begiekin
(*) Ez duzue sinestuko baina nire herrian motozerraz inausten dituzte zuhaitzak. Igual zarata gustatzen zaielako...

2005-09-27

Akordatzen

Akordatzen naiz irailaren 27 honetan urtero akordatzen naizela hamabi urte nitueneko irailaren 27 hartaz. Akordatzen naiz arnastu zitekeen etsipenaz. Akordatzen naiz asteak geroago “sartuta” zebilen senide batek eman zidan oroigarri hartaz, bisita-txartel baten neurrikoa, aurrealdean krabelin bat –uste dut- odola zeriola eta atzealdean, eskuz idatzitako moduko tipografiaz, hitz batzuk: “Mañana cuando yo muera no me vengais a llorar. Nunca estaré bajo tierra, soy viento de libertad.”

Akordatzen naiz gau batez atea jo zutela eta eskailera-burua poliziaz beteta zegoela. Akordatzen naiz zarataz. Auzoko baten etxea miatzera zetozen eta ama eraman zuten lekuko izan zedin. Akordatzen naiz Colombo deitzen zioten “secreta” harro hartaz, eta bere gabardinaz eta bere gorrotoaz ere akordatzen naiz, eta nola ibiltzen zen kaletik, harro baina noizean behin atzera begira.

Akordatzen naiz gau hartan bertan erre zuela amak sukaldeko txapan Txiki eta Otaegiren oroigarria, eta harekin batera etxean zeuden beste oroigarri, paper eta hainbeste altxor txiki. Akordatzen naiz arnastu zitekeen beldurraz. Akordatzen naiz.

2005-09-22

Esan bazuten esan zuten. (I)


”Edo suc diñosu gusurra, edo bay herloxuac, seren egusquiac esin esa ley gusurric.”

(Mikoleta)


“Munduyan ezta gauçaric hayn eder ez placentic
Nola emaztia guiçonaren petic buluzcorriric.”

(Etxepare)

“Ez artu fantasiarik
ezkon bazatez eongo zara
ardia legez mansorik.”

(Lazarraga)

2005-09-18

Jasangarritasunaz

Gure herria goizero garbitzen dute. Oso garbiak dira gure herrian. Goizaldeko ordu batean zabor biltzaileen kamioi megazaratatsua dator: grrrrroaaaaauurrr, karran-karran-karran, grrrrroaaaaauurrr!. Sei ordu eta erdiko atsedenaren ostean, goizeko zazpi eta erdietan, hasiko zaizu eskobatzeko makina: grrrooonnn, grrrooonnn, grrrooonnn!... Eta bere atzetik etorriko da inarra pasatu beharko lukeen langilea motozerra baten motorra daukan airea botatzen duen tramankulu zaratatsu batekin paperak, hostoak eta abar lekuz aldatzen: trrrrruuuuuiiiiinnnnn, trrrrruuuuuiiiiinnnnn, trrrrruuuuuiiiiinnnnn! Imaginatu, petrolio upela hirurogeita hamar dolarren bueltan eta zoruko hostoak pilatzeko... gasolina erabiltzen dute gure herrian. Garapen jasangarria.

Geroago, kaleak are garbiago uzteko, urez garbitzen dituzte kaleak. Kamioi (zaratatsu) batek botatzen du ura indarrez kale eta plazetan. Edateko ura, aizue. Ur e-dan-ga-rri-a, alegia. Herrian baditugu urtegi handi bat, ertain bat eta hainbat txiki eta ez dira ez edateko ez eta, adibidez, udan bainatzeko erabiltzen; ezin omen da, garestia omen da... Baina, diot nik, edateko ez bada ere kale garbiketarako ezin da erabili, edateko ura xahutu beharrean? Gero esango digute haginak garbitzen ari garen bitartean txorrota itxita edukitzeko... Garapen jasangarria, inondik ere.

Jasankortasuna behar dut jasangarritasun jasanezin hau jasateko.

2005-09-15

Gaur barraketara, ze ondo!

Jaietan gaudela eta barraketara eraman gaituzte umeek zarata eta txurro usain artean paseatzera eta, bide batez, euro batzuk “inbertitzera”. Kasualitateak, izan, badirela genioen lehengoan eta -kasualitateak kasualitate- ikusi dut gaur kale nagusitik paseoan nerabezarotik irten berri, artean gazte eta berde ginela, kuadrila osoa maiteminduta gintuen L. Hogeita piku urte ikusi gabe, aspaldi baitzebilen herritik kanpo. Gozoa zen, ttikia zen, irribarre paregabekoa; gure printzesa zen. Bere inguruan gintuen denok tontakeriarik handiena nork egingo berak barre egin zezan, egin ziezagun. Batek – a ze inbiria genion- lortu zuen L.-rekin irteten hastea. Utzi zuten arte, L.-k utzi zuen arte. Bera baino nagusiagoa zen ertzain kabroi batekin joan zen arte(*). Susmatu genuen denok orduan ez zela zoriontsua izango. Ikusi dudanean nekez ezagutu dut, ez dauka begietan dizdirarik, puztuta moduan dago, zoriontasunetik urrun (edonor baino urrunago esan nahi dut). Ez da bera, ez da lehengo bera. Ez naiz hurbildu, ez dut nahi izan; zer esango nion, ba?

Jaietan, bestalde, nago gure herrietako barne kontraesan eta paradoxak azaleratzen direla egoera “normalean” baino areago. Uda honetan, igerilekutik irten eta gero, inguruko herri bateko jaietara joan ginen hango lagun batzuei bisita egitera. Jaietako zapi gorrietan “ _ _ _ _ _ _ _ko Jaiak / Jaietan ere euskaraz” leloa zeraman jende guztiak -zahar, gazte zein umeak, euskaraz jakin zein ez- espainolez ari ziren. Zinegotzi bat ikusi genuen paseoan lau (lau!) bizkartzainek inguratuta. Ume kuadrila bat aurrerago, batek EHSF-ko ikurrinadun sudadera ezaguna zeraman; bere aita “espainola” dela argitu zidaten.

Txoznetatik afaltzeko bokataren baten bila genbiltzala, nire lagun batek esan zuen urte batzuk barru oraindik ume diren gure seme-alabekin egingo dugula topo, desorduetan, amnistiako txoznan, adibidez. Beste lagun batek erantzun zion etsi puntu batez: -Urte batzuk barru, ondiño be ifini beharko doguz amnistiako txoznak, ala?

(*) Ez dut esan nahi kabroia zelako zela ertzaina edo ertzaina zelako zela kabroia. Kabroia eta ertzaina zela baino ez. Ondo pentsatuta, gainera, kabroia zen ertzaina izan baino lehenago.

2005-09-12

Beste leihaketa (sic) bat


Aurrekoan lehiaketa izan genuen. Gaur ere beste lehiaketa bat dakarkizuet baina oraingoan matxuratua. Ez galdetu nola izan daitekeen. Lehiaketa matxuratuta dago eta kito! Igual matxura horrek aldarazi ditu lekuz h-a eta i-a, nork jakin. Badaezpada ere, nik abisatu egiten zaituztet: hona bazoazte ibili kontuz, ni ez nintzateke fidatuko leihaketa matxuratu batekin. Auskalo zer egiteko kapaz den... Hau mundua, hau!

2005-09-09

Ideia lehiaketa
























Gaur, lehiaketa. Lehiaketa eta saria, sari ederra. Irakurri arretaz:

Ongi etorri “Hamaika ikusteko jaio ginen,... baina hamabi ere ikusiko ditugu martxa honetan” lehiaketara! Prest lehiakideok? Honatx galdera:

Jarraian dauzkazuenen artean, zein lekutan EZ zenukete inoiz ere jarriko irudietan ikusten duzuena bezalako dorre elektrikoa?

Erantzun posibleak hauexek dituzu:

  • a) Ospitalean, kirofanoaren erdian?

  • b) Gernikako piper labeldunez gainezka dagoen ortu batean?

  • c) Bilboko Gran Viaren erdian?

  • d) Guggenheimen gainean?

  • e) Gorbeiako larran, erdian dagoen akerraren ordez?

  • f) Arduradunen baten sukaldearen erdian?

Ala...................

  • g) Ehunka umek (beren guraso eta aiton-amonekin) egunero-egunero bi, hiru edo lau aldiz erabili behar duten espaloi baten erdian, erdi-erdian?

Erantzun zuzena asmatzen dutenen artean blog berri honen administrazioa zozketatuko dugu; beraz, irabazle suertatzen bazara, erabiltzaile izena eta pasahitza emango dizugu eta, ale! baduzu zeure bloga!

2005-09-06

Igerilekuan berriro, ze guai!

Kasualitateak, izan, badira. Mediterraneotik etorri berri ia-ia eta, arrastaka berriro ere, igerilekura ekarri nau familiak, eguraldiak ez du asko laguntzen, baina. Eta, hara non topatu dudan zuen aspaldiko ezagun bat, aurreko batean aipatu nizuen bizkartzaina, bera ere familiarekin igerilekuan. Berbaz egon gara apur batean: bi seme dituela, inguruko herritxo batean bizi dela... Ia hogei urte izango dira azken aldiz ikusi nuenetik. Euskaraz egin dugu, lehen ez zekien. Begirada iheskorrak bota ditu nire besapera zein egunkari neraman jakin nahian, seguru. Laster agurtu dugu elkar, horrelako egoerei dagokien “egongo gara”-ren bertsio motela erabiliz.

Etzan egin naiz toallan. Bertan erdi lotan nagoela zarata arraro bat entzun dut. Burua altxatu dudanean: Flaust! Haizeak ekarritako egunkari bateko orri osoa neukan aurpegian pegatuta. Begitarte aurretik kentzea lortu dudanean, neska bat neukan aurrez aurre –din dan dilindan- metro bat baino gutxiagora, metro bat zabaleko irribarrea ezpain gozoetan, esanez: -Eskerrikasko guapo!!
Istorio osoa ezagutu nahi baduzu, egizu klik hemen.

2005-09-04

Gaur mezara joan naiz

Gaur mezatara joan naiz. Herri txiki batean izan dugu familiako baten urteurren meza eta, aspaldiko partez, sartu egin naiz elizara meza entzutera, herri txikietan ez baitago kalean geratzerik. Harritu egin naiz. Berriro. Harritu egin nau nola oraindik ere jarraitzen duten koreografia eta atrezzo zaharkitu horiek; harritu, abadearen ahotsaren oihartzunak apurtzen duen isiltasunak eta harritu, abadeek oraindik ere esaten dituztenak.

Hitz egin nahi nizuen gaur Ezekiel delako baten eskutitz zahar sorta batetik abadeak atera dituen irakaspen harrigarriez edo elkarri bostekoa emateko ohitura zuri horretaz, adibidez, baina pentsatuko duzue beti nabilela gai potolo eta transzendentalei buruz eta gainera ez zaituztet aspertu nahi. Egia esango dizuet: neska gazteei begira pasatu dut meza osoa, eta egon dira batzuk...


2005-09-01

Hizkuntzak

Badaude joera batzuk oso geureak ditugunak, betidanik, edo gogoratzeko gai garenetik behintzat, geurekin eraman ditugunak. Nik aurrean daukadan guztia irakurri behar dut. Komunean (aurrian papera eta atzian papera) ezer hoberik eraman ez badut, behintzat, txanpuaren potoan dakarrena irakurtzen dut eta gosaltzen ari naizela zereal kutxetako atzeko aldeko azalpen dietetiko elebidunak (SEM GORDURA = koiperik gabe) horrela bide batez hizkuntzak ikasiz. Esnea berotzen den bitartean ere asko ikasi dut mikrouhinari begira: POTENCIA/POWER, PUERTA/DOOR, TIEMPO/TIME. Tresna elektrikoetan ingelesa da nagusi (Nork ez daki zer den ON/OFF?) baina urte batzuetatik hona gaztelaniaren ondoan beste hizkuntza batzuk agertzen hasi dira, portugesa gehien bat. Hala, Dodotisak erosten nituenean ikasi nuen EMBALAGEM POUPANÇA paquete ahorro zela; bizkotxo famatu batzuei esker jakin nuen gurinazko bizkotxoa TORTA AL BURRO esaten zela italieraz edo grekeraz cabello normal KANONIKA MAAAIA dela. Gainera, portugesari kariño berezia diot penintsulako ez-espainolak direlako batetik, eta hizkuntza bereziki goxoa delako bestetik. Nor ez da urtzen Sarrionandia Laboaren ahotsean entzutean: “Não eres tu -faculdade de sentir- un espaço...”. Baina -beti dago baina bat- jende guztiari ez zaio gauza bera gertatzen, elebakartasuna maite, hizkuntza aniztasuna traba. Espainian gertatu ei zen, supermerkatu batean: Emakume edadetua purrustaka saltokiko arduradunarengana, ez dagoela eskubiderik, bera bezalako andreak nahastu baino ez dituztela egiten horrela, eta ez zegoela modurik jakiteko zer erosten zuen produktu guztietan katalana erabiltzen bazuten, han, Espainian; espainolez ipinita nahikoa zela, han Espainian. Saltokiko arduradunak azaldu zion gaztelaniaren ondoan ageri zen hizkuntza ez zela katalana, portugesa baizik.Emakumearen erantzuna, argigarria oso: -¿Portugués? Ah, bueno, vale.