Baga, biga, bloga!

Jozulinen begitantziñoak

2005-07-26

Jozulin oporretara doa


Tira ba lagunok, ez da inbiria emateagatik baina laster Mediterraneo aldera noa eguzkitan baino, gerizpetan tripaz gora etzatera. Imagina nazazue leku lasai batean pinu baten azpian, garagardoa edo gin-tonika (orduaren arabera) alboan, eta inguruan egunkariak, aldizkariak, liburuak eta lagunak. Txarrago ere egon liteke. Aguantatzen badut ez naiz luzaroan paratuko ordenadore baten aurrean eta ikusten baduzue Mediterraneoko herritxoren batean morroi bat, “pen-drive”a esku dardartietan, yonki aurpegiaz ciber-caféren baten bila, neu izango naiz, egon ziur.

Ale familia! Ba ondo ibili, gitxi gastau eta bueltak amari. Ez aiztu gabaz jertsetxua ifintea gabeko freskureagaz hotzitu ein ahal zarie eta; kontuz kotxeagaz, ez ibili arineketan eta edanda hortik zehar kotxean urtetan zarienean... Bueno mozollos, bueltararte! Egongo gatxink!


2005-07-18

Zenbat gera? Lau? Bat? Hiru? Bost? Zazpi?

Euskal Autonomia Erkidegoko egunkaririk salduenean:

  • “Los niños más pequeños de la colonia de Pedernales estrenan experiencia lejos de casa. Siete días sin el amparo de papá y mamá...”
  • Agertzen diren umeen izenak: Olatz, Jorge, Gonzalo.
  • Ume batek dio: “Ah! Sois periodistas. Mi papá también. Trabaja en la tele.”

Aurrekoa irakurrita honako ondorioak atera beharko genituzke:

  • BBKren udalekuak egiten diren herriaren izena Pedernales da, ez Sukarrieta.
  • EAEn ume gehienek izen espainolak dituzte.
  • EAEn ume guztiek papá eta mamá deitzen diete beren gurasoei.
  • EAEko egunkaririk saldueneko estilo eta hizkuntza zuzentzaileek ez dute atsedenik hartzen.

Lagunok: Euskal Herriaz ari garenean honetaz ari gara (batik bat esan beharko genuke?).

2005-07-13

Familia bazkaria

Ez naiz sekula izan oso zalea, baina noizean behin tokatzen da eta aurrekoan ere izan genuen familia batzeko egun horietako bat. Halakoetan sarri pasa behar duzu bazkaria ia ezagutzen ez duzunekin hizketan eta hobe zortea baduzu. Nik izan nuen zorte hori lehengo egunean eta solaskide paregabeak egokitu zitzaizkidan. Esaterako, bazegoen G., 1936ko azaroan jaioa, berak harro esaten zuenez, Euskadiko Errepublika Independientean. Zinez sinistuta dago G. Euskadi independiente batean jaiotako apurren artekoa dela eta entzun nahi dion guztiari esaten dio: -Eta zuk esan ahal dozu holakorik?

Beste kontu xelebre bat ere kontatu zigun G.k, orain gutxi berari gertatutakoa. Eurak goxo-goxo lo eta goizaldeko seietan itzelezko burrunba entzun zutela beren etxean. Ohetik altxatu eta erdi lo eta ilunpetan, pasiloan Darth Vader-en moduan jantzitako suhiltzaile batekin egin zutela topo G.k eta emazteak. Atera kontuak, zelako sustoa. Sutea piztu omen zen garajeetan eta etxea hustu behar zuten berehala. Suhiltzaileak honakoa esan zien: -Hay que desalojar, ponganse algo y salgan a la calle... y sobre todo ponganse algo. G.ren arabera emazteari begira esan zuen azken hau. Honelako kontuekin ibili zitzaigun G. barreka eta zantzoka. Zorte itzela holako solaskidea suertatzea parean.

Bazegoen nirekin aspaldi ikasitako J. ere, baina harek esandakoa ezin dizuet kontatu. Honetaz eta hartaz ibili ginen garai bateko ikaskide eta irakasleez, nola zebilen Urlia eta ea noiztik ez genuen Sandia ikusi. Halako batean A.R. ekarri genuen gogora eta ze irakasle ona zen eta ze ondo pasatzen genuen bere klaseetan. –Ba, orain ez du barre askorik egiten, esan zidan J.k eta jarraian gidoilaririk sadikoenak ere asmatuko ez lukeen istorioa azaldu zidan. Zin dagizuet inoiz entzundako istorio tristeenetakoa dela eta, sentitzen dut, ezin dizuet kontatu, ez galdetu zergatik, izango da beharbada inork ez duelako bere miseriak haizatzea merezi, eta A.R.k are gutxiago.

2005-07-11

Euliak

Uda uda da eta udan zoriontsuak izan behar dugu. Horixe gizarte honetako egia bat. Eguzkiak alaitu egiten gaitu, hondartzan primeran pasatzen dugu, bestela mendian belarretan etzanda... Hauxe dugu udaren irudia. Udak, ordea, baditu bere matrakak ere, hala nola sargoria, eguzkitarako kremaren usain okagarria, euliak, neskak narru guztiak agerian zure aurretik pasatzea, eltxoak; Tourra, Giroa eta Vueltaz mundu guztiak hitzegiten dizula...*

Gauza hauetatik guztietatik ez da euliena gerra gehien ematen didana, baina gaur eguerdian txapa bereziki handia ematen ibili dira euliak, badakizue, euliak erdi lelotuta daudenean eta aurpegira-eta etortzen zaizkizunean. Horretaz ibili gara bazkalorduan berbaz aspaldiko “matamoscas”arekin ari ginela dzist eta dzast! Orduan eman dit semeak bere hitzetan “ideia marabillosoa” euliak hiltzeko: “Beitu, sartzen dogu mikroondasean zerbait gozoa-edo, eta itxaroten dogu euliak sartu arte gozotik jatera; orduan, euli guztiak jaten dauzenean, atea itxi eta danga! hogetamabost minutu. Eta euliak uaaaaaa! uaaaaaa! uaaaaaa! Gero zabaldu eta itxaron berriro, e aita?”. Ez diot ezetzik esan...


* Zertaz ari diren jakin beharko bazenu bezala. Adibidez badatorkizu bat eta: -Zelako tipoa Delacroix hori, e? Eta zuk: -Delacroix? Eta berak: -Bai gizona, Banque du Sud des Pyrenees Francaises-eko gregarioa? Eta zuk: Gregorio? Eta zure solaskideak ez dizu gehiago hitzegiten, penaz begiratzen dizu eta pentsatzen du: -Jozulin hau beti izan da apur bat raritoa.

2005-07-07

Abarketak eta astronautak


Duela urte batzuk desietan egoten ginen uda noiz helduko neguko zapata eta galtzerdi lodiak ahaztu eta abarketak janzteko. Betidanik izan naiz abarketa zalea eta urteetan kolore guztietakoak jantzi ditut “Petra la pasiega”-renean amak erosita. Aurten ere hasi naiz abarketekin baina hainbat udaletako agintari txit gorenek erabaki dute, antza, goizero-goizero ureztatu behar direla herrietako kaleak eta, nagoen herrian nagoela ere, ez dago modurik abarketak jantzita goizean goiz egunkaria erostera joateko ze hor agertzen da kamioi zaratoso hori kaleak uholdeztatzen eta, badakizue, abarketak bustiz gero, agur. Orain, modernitatearen eta teknologiaren izenean, udan sandaliak jantzi behar dituzu, baina ez edozein txankleta merke, aizu! Colombia Hypergrip edo Kimberland Megaclimber, esaterako, jantzi ahal dituzu jendearen begiradaren beldurrik gabe. Nik ere baditut horrelakoak, ez pentsa, (ez nazazue agro-man huts imajinatu) baina ez dira inoiz izango uda osoan erabilitako abarketa zahar parea bezain erosoak.

Teknologia-modernitatea eta betiko trasteen arteko kontraste honek burura ekarri dit aspaldiko kontu hura, nola estatubatuarrak konturatu ziren espazioan ezin izango zituztela betiko idazluma eta bolalumak erabili, tintari bajatzen lagunduko zion grabitaterik ez zegoelako. Milaka milioi dolar xahutu zituzten espazioan idazteko ahalbideratuko zuen teknologia berriaren bila eta lortu ere lortu zuten grabitaterik gabe erabil daitekeen bolaluma: geroago Paper Mate izenez saldu dena. Errusiarrek ere arazo berbera zuten baina dirurik ez, ordea. Errazago konpondu zuten: SESBeko kosmonautei arkatzak eman zizkieten. Eta kitto.

2005-07-05

Tu Pueblo

Aspaldion –pentsatuko duzue- obsesio moduko batek jota dago Jozulin. Aspaldion –esango duzue- mezu monotematikoak dira morroi honenak: euskararekin hau eta bestea eta ez dago eskubiderik eta abar... Egia da, baina bariku arrastia da, eguzki ederra dago eta erdarazko “egunkari” dohaineko batean irakurtzen dut Etxebarriko Udal Euskaltegiaren pribatizazioaz. Lehenik eta behin esan behar dizuet sasi-egunkari honek Tu Pueblo duela izena, eta honekin asko esan dizuet. Jakina, goitik behera erdaraz dago gure herrian banatzen den dohaineko, eta goitik behera erdarazko, beste sasi-egunkaria bezala; honen izena, “Crónicas” (izen honekin ere, dena esanda).

Baina ez daukat irakurtzen ari naizena komentatzeko gogorik, ez indarrik; beraz, hemen daukazue eta zuek ikusi:

“No obstante, con la externalización del servicio mediante concurso entre empresas de enseñanza se podrá dar respuesta a 200 alumnos con menor coste del que se hoy se paga por 114 estudiantes.”

“Además estas medidas se han tomado de cara a un futuro próximo ya que cuando dentro de unos años disminuya la necesidad de aprendizaje dado el alto nivel de euskera actual, el municipio no podrá hacer frentes (sic) a la recolocación de un colectivo de seis profesores.”

Hu guztia eta gehiago esaten du, potro bi t’erdirekin.

Eskerrak gaur gauean Maria Joao entzungo dugun...

Honaino irakurri duzuna ostiralean idatzitakoa da. Idatzi eta bertan utzi nuen, ez bainuen astirik izan bloggerrera igotzeko. Geroago buruan gaia biraka nerabilela, pentsatu nuen esandakoa, idatzitakoa, herren zegoela, arazo honetan euskara eta euskaltegien kontuak baino sakonago garamatzan zerbait bazegoela. Udal askoren jarrera izan da aspalditik hainbeste zerbitzu pribatizatzea (kaleen garbitasuna, zabor bilketa... ) eta hau, euskaltegiarena, hurrengo pausua baizik ez da izan. Honek ikusarazten digu, besteak beste, helduen euskalduntzearen ahultasun soziologikoa. Nori adura dio?

Antigualekoa izango naiz agian baina publikoaren aldekoa izan naiz betidanik, dela hezkuntza, dela osasuna, ura, argindarra... Argindarra ere bai? Entzuten ditut batzuen barreak hemendik baina, esan dizuet, horrelakoxe “demodé” naiz.

Kontu pare bat amaitzeko:

a) Lepoa egingo nuke badakidala zein enpresak irabaziko duen datorren ikasturtean Etxebarriko Udal Euskaltegiaren zerbitzua merkeago emateko “concurso”a. “Egingo nuke” hipotetikoa erabili dut, nahita, frogarik ez dudalako, bestela, hau idazten egon beharrean epaitegian egongo nintzateke; hori bai, orduan ere esperantza handirik barik.

b) Etxebarrin La Voz del Pueblo (sic) alderdi (sic) politikoak (sic) urteak eta urteak daramatza agintzen gehiengoak nahi izan duelako. Ba hori.