Baga, biga, bloga!

Jozulinen begitantziñoak

2005-05-30

Alde iluna 257 hitzetan.

Ongia eta gaizkia zer diren. Horra galdera. Umeek, baina, sarri egiten dituzte horrelakoak, eta ez beti unerik egokienean; niri, adibidez, komunean nagoela egin berri didate, duela gutxi. Arratsaldean “Star Wars III” ikustera joan gara eta ez dute ondo ulertu Anakin Skywalker zergatik gaiztotu den, zergatik pasatu den alde ilunera. Azaltzen saiatu naiz –komuneko lanak amaituta- baina ez naiz gustura gelditu eta buruan geratu zait gaia inguruan orbitak egiten euli mozkor baten moduan.
Gaiztoak nola egiten diren. To galdera. Garai batean oso “progrea” zirudien gizarteari berari egoztea gaizkileak sortzea; gaizkilea, beraz, gaizkile zen ez zuelako beste erremediorik, egoerak bultzatzen zuelako... Horrela, delitugile zenbaitek izan zuen bere “epikatxoa”, hala nola El Lute, Makinavaja...
Garun barruko desorekak, umetako traumak eta enparauak ere maiz aurkeztu dira nagusitako barrabaskerien azalpen moduan. Hala entzuten da askotan bortxatzaileen kasuan eta emazteak jipoitzen dituztenen kasuan ere.
Star Wars filmean argitzen denez, Anakin daukana galtzeko beldurragatik eta ama galdu izanaren erru sentipenagatik bihurtzen da gaizto.
Arrazoi hauek guztiek ez didate balio, ordea, egunokaz azaldu dena esplikatzeko. Entzungo zenuten, nola putakume batzuek umeak bortxatzen zituzten eta gero argazkiak eta bideoak saldu. Putakumeak.
Gaitzaren diagnostikoa ezagututa jo ohi da tratamendua jartzera. Gizartea bada errudun jo duguna, bertako desorekak konpontzera jo beharko genuke gaizkilerik sor ez dadin. Ondo. Gaiztoak traumaren bat badu edo burutik sano ez badago hor dugu psikologo eta psikiatra saldoa gaisoa sendatzeko prest. Arazorik ez.
Arazoa dago erabakitzen dugunean, eta nik oraintxe bertan egin dut, delako gaizto hori putakume hutsa dela, goitik eta beheraino putakumea, alegia. Zer tratamendu klase jarriko diegu honelakoei? Erantzunak beldurra ematen dit.

2005-05-26

Lau urte pasatu dira, Mai-te!

"Lau urte pasatu dira, Mai-te! Zelan aldatu zaren!" abesten zuen Hertzainak-eko Garik. Egia borobila, jendea eta gauzak oso azkar aldatzen baitira. Nik mundua aldatzen dela, askotan, ikasleen idazlanetatik dakit. Irakurri ikasle honek segapotoei buruzko idazlan batean jarritakoa: "Antzinean, mobilak deiak egiteko baino ez ziren erabiltzen; honez gain, telefonoak doinu bakarra zuen eta ezin ziren SMS famatuak bialdu.". Hauxe ipini zuen, hitzez hitz. Eta esaldia hasteko, ez dakit ohartu zareten baina antzinean jartzen du, antzinean!. "Orain dela urte pilo bat mobilak beharrezkoa zenean bakarrik erabiltzen ziren" ere idatzi zuen. Eta esaldia hasteko "orain dela urte pilo bat" jartzen du. Orain dela urte aaaaaasko, alegia. Zenozoikoan edo.

Honakoa irakur daiteke OROTARIKO EUSKAL HIZTEGIAN:
Antzina: Hace tiempo, antiguamente.

Eta honakoa SINONIMOEN HIZTEGIAN:
Antzina: aspaldi, behiala, behinola.

Jakina, ikasle hau gaztea da (snif!), nahiz ez den Vanessa deitzen. Hamazazpi urterekin denboraren prespektiba horrelakoxea izaten da.

Eta guretzat? Zer esan nahi du guretzat antzina hitzak?
Noz da atxiñe?

2005-05-24

Edonon aurki genezake epikotasuna

Seguru asko hauxe izango da kirolaz eta hemen irakurtzen duzuen bakarra, baina txakur berde bat ez da egunero deskubritzen eta gaur enteratu naiz Mendizegik ez duela txirrindularitza jarraitzen, baina epikotasuna aitortzen diola. Ados gauza bietan. Niri ez zait txirrindularitza gustatzen, ez futbola, ez hockeya. Zaku karrerak ere ez zaizkit gustatzen ia. Tenisa ikustea jasatera hel naiteke eta esku pilotaz gozatu ere egin dut inoiz. Epikotasuna, dramatikotasuna bezala, edonon aurki genezake, ordea. Epikaren adierazgarritzat daukat, adibidez, joan den igandeko eskuz banakako finalaurreko partida, Ruiz eta Irujoren artekoa. Buruz buruko norgehiagoka batek, edonolakoa izanik ere, berez du epikotasuna, baina emaiezue begiratu bat pilotarien eskuei, pilotaren gogorrari eta irudikatu orain esku hori eta orduko 100 kilometrora datorren pilota hori 200 edo 300 aldiz jo behar duzuela.
Gainera, 21-21 joan eta errestatzera airez ero bat bezala ateratzea ez da egunero ikusten den zerbait. Epikoa, dudarik gabe.

2005-05-22

Igandeko egunkariak

Bizioa dut egunakariak irakurtzea. Igandeetan, eguerdian, hiru egunkari edo, garagardotxu bat eta jateko zerbait eta zeruan nago.
Gaur ere hala izan da, sikieran irakurtzen hasi arte. “El Correo Español” izan da lehena eta azala bakarrik nahikoa izan da nokeatuta moduan uzteko: “SOBERANIA POPULAR” zen izenburua. Uaaaau! pentsatu dut, erreferenduma, autodeterminazioa, herriak du hitza...Hori dena pentsatu dut. Baina ez zen horri buruzkoa berria, honela jarraitzen zuen: “Los principes afianzan su aceptación popular”. Knock out. Barruko orrialdeetan adurra litroka, hektolitroka, gigalitroka.
Hurrengoa, Berria. “Alarde tradizionala ezin dela debekatu dio Udalak, ‘ez duelako diskriminatzen”. To! No!. Hitzik gabe uzten nau kontu honek, esan nahi dut idazteko moduko hitzik gabe, ze, gustura esango nieke pare bat gauza falokrata hauei.
Gararen Zazpikan irakurri dut torturaren gaineko erreportaia, Eva Forestena. Bikaina, hurbila, ileak lazten dituen horietakoa. Bertan torturatu batek kontatzen du nola hamaika kolpe, poltsa eta abarren ostean bakarrik utzi zuten lurrean botata torturatzaileek futbol partida ikustera joan zirelarik. Eta dio faltan bota zituela, nahiago zituela torturatzaileak bakardade huts, babesgabea baino. Eta kontatzen du nola beti pentsatu duen: Nola azalduko diot nik hau jendeari?.
Batzuetan harritu egiten nau nola gustatu ahal zaidan oraindik egunkariak irakurtzea.

2005-05-18

Esaera zabarrak (II)

.

· Gogozko tokian erdiak ustel.
· Txoria lumatik, idia adarretik, gizona zakiletik.
· Ondo eta erraz, euskaltzainak EGAn.
· Errementariaren etxean hagin zorrotza.
· Eguzkia nora nagiak hara.
· Sareak joan, usoak heda.
· Atzerri hotzerri.

Sentensias y Reflanes :

· 262: Gorrotoa guchica guchica metatu doa.
· 301: Eguic on baya beguitu non.
· 303: Ecandu ganorazcoa nequez sartu doa.
· 368: Gauça bat bear dau guiçonac: lagun onac.

Aho korapiloa:

· Arabako abadearen kapapean nerabe guri bi.

.

2005-05-16

Oinak aidean (Haiku kaiku II)



.

Baserri zaharrak, oinak lurrean,
enara gazteak, oinak aidean,
zer
daukazue
urtero
elkarri
esateko?

.

2005-05-15

Esaera zabarrak (I)

.

· Balizko golak Koparik ez.
· Hortografia, azkoren ondamendia.
· Munduan nahi duenak ezkongabe segi, besterekin ohera eta bakarrik jaiki.
· Euskal Herria, askoren hondamendia.
· Ibiltari gauean, botaka goizean.
· Esaera zabarretan egia handiak.
· Urrutiko neskatxak hogeitalau, gerturatu eta hamalau.
· Hamalau ofizio, hamalau histeria.
· Itsuen herrian jeltzalea alkate.
· Txapela barruan ta ibili munduan.
· Nola erein hala hil.
· Kaiolako txoriak kaiolan laket.

.

2005-05-13

Aukerak

.

Goizaldeko bostak. Izartu egiten zara zergatik ez dakizula. Eta diozu: -Berriro erratu naiz, gaur ez naiz lanera seietan sartu behar. Altzatu eta ura edaten duzu. Etxea ilun, ixil. Umeei begiratzen diezu, txikienak mantak gainetik kenduta dauzka, egunero bezala. Mantak atondu eta musua ematen diozu, diezu, biei. Ohera zoaz berriro.

Arratsaldeko zazpiak. Alderdi politiko legal batekoek mitina dute antolatua Basarteko plazan. Mini-mitina izango da, lau katu baino ez daude eta, pentsatzen duzu, gaizto. Irratiz deitzen dizute eta esaten dizute: -Tocarles un poco los cojones, sin pasaros. Bazoaz, bazoazte, zu eta beste zazpi. -¿Dónde teneis el permiso? ¿Quién es el responsable de ésto? ¡A ver, la documentación!

Gaueko hamar eta erdiak. Heldu zara etxera. Umeak lo daude dagoeneko. Afaldu duzu eta ohera, emazteari musu bat. Bihar eguerdiko ordu bietan sartu behar zara lanera. Ea gaur goizaldean ez zaren berriro esnatzen.

Polizia izatea aukeratu zenuen; izan ere, oparo ordainduta dago.

.

2005-05-11

Buruan darabiltzadan begitantziño solte (edo ez hain solte) bi

.

Lehen begitantziñoa:

Etxetik lanerako bidean graffiti bera irakurtzen dut egunero. Egunero, begiratzen ez dudanean salbu. Honakoa: ‘No sabes el daño que me estás haciendo. Yolanda, maite zaitut’. Egilearen etsipenaz apenas dagoen dudarik, baina honezkero pasatuko zitzaion, hamar urte erraz izango dira pintada agertu zenetik eta agian ezkonduta edo armairutik irtenda dago gaur egun. Nire kezka da ea dagoeneko euskara ikasi duen. Galdetuko duzue: -Baina, ez al daki? ‘maite zaitut’ esaten du, ezta?
Nik,baina, prest daukat erantzuna: badaki ere, ez du erabiltzen eta erabiltzen duen apurra modu ‘liturgikoan’; hau da, ‘Gabón denorí ’ euskaraz esan eta gainerakoa erdaraz botatzen dutenen antzera. ‘Maite zaitut’ esateko lain askok dakite, kontua da ea nork dakien –eta jakinik ere zenbatek esango lukeen euskaraz- ‘no sabes el daño que me estás haciendo’.

Amén.

Bigarren begitantziñoa:

Ikasle bat Cadizetik etorri berria da. Lana (eta euskaltegia) gutxi baterako utzi eta hara joan zen tripaz gora eguzkitan egun batzuk egitera. Kexaka etorri da ‘guiri’z beteta omen dago eta. ‘Guiri’ delako hauek beren hizkuntzan hitzegin nahi dute mundu guztiarekin, antza. Ikasleak eta bere lagunek, ordea, larrutik ordainarazi diete atzerritar alu horiei ingelesez egin nahi izate hori. Euren artean euskaraz egiten zuten. Ikaslearen hitzetan: ‘inork ez ulertzeko’. Kuriosoa, inork ez ulertzeko hizkuntza bakarra, euskara.

Amén, zu hor eta ni hemen.
.

2005-05-09

Plaza del Viento

.

Semaforo batean nengoen. Horrelakoetan, badakizue, edo sudurtzuloak garbitu edo bestela aurrean dituzun kartel guztiak irakurtzen dituzu. Nik bigarrena aukeratu eta aurrean nuen furgonetan irakurri dut: Muebles Villabaso. Nire barruan bizi den filologoa esnatu da V eta ll euskal izen batean ikusi bezain laster. Egia esan, ez dakit filologoa izan den ala itzultzailea, ala euskaltzain ttikia, denak bizi baitira nire barruan oraintsu heldu den Taliban jatorrarekin batera. Horrelako begitantziñotan galduta nenbilela, helbidean erreparatu dut: Plaza del Viento, Jaen. Jaen? Koño! pentsatu dut lehen martxa sartu dudan bitartean, Jaen!. Ez naiz sekula Jaenen egon, ondotik pasatu naizen arren, baina herri polita izan behar du haizeari, Haizeari letra larriz, kale bat eskaintzen badio. Eta hasi naiz bueltaka guk zeri edo nori eskaintzen dizkiogun kaleak eta, benetan, ze petardoak garen! Gure kaleek oso izen potoloak dauzkate beti: Dato Jenerala, Agirre Lehendakariaren Enparantza, Konstituzio Plaza eta aaaaaaaaaaaaaaaaabar. Ze desberdinak izango liratekeen gure herriak Haizearen Plazara noa, edo Euriaren Etorbidetik nator esan ahal izango bagenu. Edo: Eguzkiaren Enparantza, Lainoaren Kalea, Hodeien Pasealekua, Lanbroen Kantoia, Elurraren Parkea...

.

2005-05-08

Liburu bat

.

Ikasle batek liburu bat oparitu dit. Ez pentsa sarri gertatzen denik. Ikaslea bitxia da, liburua ere bai, bere senarrak idatzitakoa da. Izenburua du: “LA COLINA DE LA MUERTE. Por Oscar Luengo. Basado en la narración de Fermín Arce, PRISIONERO EN MAUTHAUSEN Nº 4.051”. Urteetan idatzia izan dela dakidan arren, hasi eta amaitu egin dut liburua, egun gutxitan. Liburu xumea da idazkeran, eta oparitu zidanak esan zidan moduan “ez dauka literatura handirik”. Behar ere ez du behar, jakina baita errealitateak harrituko gaituela maiz, fikziorik irudimentsuenak bainoago. Ez baita literaturarik behar kontatzeko egun batean bazeudela lau preso euren artean zigarro bakarra erretzen, lurretik batutako bost edo sei zigarrokinez liatutakoa, eta halako batean batu zitzaiela preso ezezagun bat esanez ea kaladaren bat emango zioten, bere azkeneko kaladak izango zirela eta. Erretzen ari zirenek baietz, eramateko zigarro osoa mesedez; presoak, ordea, duin, ezetz, denon artean partekatutakoak zapore hobea zuela. Elkarrekin erre zuten zigarroa eta agurtu ere bai, betirako agurtu. Handik ordubetera ikusi zuten hilda zekartela. Nahita zapaldu zuen erabat debekatua zuten marra; horrela, “ihes egiten saiatzeagatik” hilko zuten tiroka, torturatu gabe.
Beste preso batek hesi elektrifikatuan hil zuen bere burua, ikaragarrizko jipoi biren –jipoi biren- ostean, Gabon egunean, Mauthausenen. Arin esaten da.
Maiatzaren 8an, gaur 60 urte, sartu ziren soldadu amerikarrak Mauthausenen han preso zeudenak askatzera. Ospakizunak izan dira gaur han, ikusiko zenituzten gaur irudiak telebistan.
Hau guztia eta gehiago kontatzen da liburu honetan. Ez zaizue damutuko irakurtzea. Ez duzue, ordea, liburudendetan aurkituko. Hona eska dezakezue, 18 €ren truke:

E-posta: vca@canal21.com
telefonoa: 610 673 343
Faxa: 944 800 020

P.S.: Itzultzaile bila dabil, ilusioa du euskaraz argitaratzeko.


.

2005-05-05

Giuliana Sgrena

Denbora pasa da gertakari honetatik, baina hemen nabil burutik ezin kendu Giuliana Sgrena kazetari italiarraren kasua.
Utz dezagun alde batera Giuliana iparamerikarrek tirokatu zutela eta berriki errugabetzat jo dituztela (asko uztea da, baina tira…).
Utz dezagun alde batera, halaber, bahitzaile irakiarrek eurek esaten ziotela Giulianari askatzen zuten momentutik bertatik, kontu handiz ibiltzeko, iparamerikarrek hil nahi zutela eta.
Utz dezagun, azkenik, honako hau ere alde batera: Giulianak esan du oraindik ezin duela “dena” kontatu.
Aurreko guztia ez da afera honetan garrantzitsuena nire ustez, ezpada beste hau: Giulianak ez zuen ulertzen, eta hala esan zien bahitzaileei, nola bahitu zuten bera, gerraren aurka egonik, Iraken egiten ari diren basakeriak munduari kontatzera joandako kazetari aurrerakoia izanik… Bahitzaileek erantzun zioten ez zutela nahi beren herrira inor joan zedin, inor ere ez, alde zein kontra egon eta mesedez uzteko beren herria pakean.
Baina guk ez dugu ulertzen, ez dugu ulertzen.

2005-05-03


.

Kintoen bazkaria

Aurreko asteburuan kintoen bazkaria izan dugu. Kintoak zeozer esatearren, ni ez bainaiz soldadu joan. Aurten bete dira 25 urte -hogeita bost- kolejiotik irten ginela. “"Colegio San Gabriel de los Padres Pasionistas"”, gaur egun izen handiko ikastola dena. Batzen garenetariko gehientsuenok bederatzi urterekin sartu eta hamazortzirekin atera ginen. Batzuek gehiago eta bestetzuk gutxiago, denok izaten dugu zer esana ume-gazte garai haietan bizitakoaz. Eta sufritutakoaz.
Hezkuntza ez zen gaur egungoa, ez horixe, behintzat hango eraikin kanpotik zuri eta barrutik ilun hartan urteak pasatzea egokitu zitzaigunontzat.

Kontatuko dizuet:

S.P.k gogoratzen zuen arratsaldeko sei eta erdietan ematen zietela eguerdiko soberakinen purea. Zortzi eta erdietan baso erdi esne eta ohera. Dio goizean goseak esnatzen zuela eta asteburuan etxera joaten zenean enpatxua hartzen zuela beti. Gauez, izara artean etxetik eramandako esne kondentsatu potetik edaten zuen. Ezin zuen txokolate edo gailetarik eraman, ateratzean plastikoaren zaratak salatuko baitzuen eta gelakide nagusiago batek edo praileren batek bestela, kenduko zizkiotelako.

L. sarritan ateratzen zuen arbelera M.C.A. andereñoak. Gustatzen zitzaion zatikiak edo eragiketak arbelean jartzea eta esango nuke M.C.A.k espero ere espero zuela L.k gaizki egitea eta erratzea, zaplada ikaragarria jotzeko edo masailean atximurka egiteko. L.k, eta L.ren moduan beste askok, negarrez egiten zuen sarri arbeletik bere pupitrerako bidea.

B.ri ere ematen zioten egurra arbelean, besteoi ematen zigutenaren bikotza eman ere. B.k ez zuen negar egiten, edo barrutik egiten zuen, auskalo; kontua da M.C.A. andereñoak zaplada eta atximurka bakoitzean esaten ziola: -¿No vas a llorar, o qué? Ez genion inoiz malkorik ikusi, arbelean behitzat. B. ez da urteroko bazkari hauetara etortzen, baina guk gogoratzen dugu.

J.A.k iladan jartzen zituen ebaluazio oro “"interno" ”zeudenak eta zenbat penko hainbat txalo ematen zien. Ez nolanahiko belerriondokoak, benetan min eragiteko zartakoak.

P.ri esan zion mespretxuz J.A.k ez zela musikaria izango eta izatekotan ere, txarra, eta ez zuela musikatik bizimodurik aterako, ganorabakoen lanbidea zela hura. Gaur egun musikaria da, lehen ere bazen. Orkestra zuzendaria da, operak ere zuzendu ditu.
J.A. begirale edo zaintzailea zen, ez zeukan ez maisu titulurik ez ezer. Orain ere ez dakit daukan baina lanean jarraitzen du umeak hezten, izen handiko ikastola horretan.

Kontu alaiagoak ere aipatu ditugu, hala nola kanpai jotze txapelketak, “"Operación Ogro"”, gauez sukaldeetara sartu janaria ohostera, Pablito, bizirik irauteko odola edaten omen zuen prailea...

Honelaxeko hezkuntza izan genuen batzuek garai haietan. Jakina, halakoak gara orain.

P.S.: Hor goian ikusten duzuen hori zen, eta oraindik ere bada, txiringitoko nagusia. Haren zapladak ez ziren ahaztekoak. Jarraituko du umeak jotzen?